Antzerki sasoia Irurtzunen

Guaixe 2015ko urr. 16a, 10:52

Heldu diren hiru asteburuetan lau antzezlanez gozatzeko aukera izanen da Irurtzungo kultur etxean. Gaur, 22:00etan, Yllanaren Splash izanen da.

Irurtzungo Antzerki Zikloak gaur mustuko du egitaraua. Lau emanaldietan keinu bidezko antzerkia izanen da lehenik. Ondoren, antzerki bisuala, objektuekin egindakoa, etxe aldaketa bat hitzik gabe kontatuta. Azkenik, bi aurrez aurreko interpretazio ikusteko aukera izanen da. Bi horietako lehenengoan bi emakume izanen dira oholtzan, adiskidetzeko zailtasuna duten bi ahizpen papera jokatzen. Bigarrenean, berriz, bi gizonezko izanen dira, ama azkenetan dute eta euren arteko sekretuak elkarri kontatuko dizkiote. Azken hori izanen da zikloko euskarazko obra.

Barretan itotzeko
Yllana antzerki taldeak Splash lanarekin itsasoan kokatzen gaitu. Horregatik, bere hiru protagonistak (Susana Corte, Cesar Maroto eta Ruben Hernandez) bainu-txanoa eta marradun kamiseta jantzia izanen dute. Noraezean dabiltzan hiru marinelena eginen dute, ez kapitainik ez diziplinarik ez dutenak. Jokabide horrekin egoera komiko, absurdo eta burugabeak biziko dituzte eskainiko dituzten esketxen ozeanoan: galeoiak zigorrarekin motibatu, marrazoekin surfa egin edota ekaitzetatik babestu beharko dute. Guztia ironiaz bustita. Yllanako hirukoak keinu bidezko antzerkia eta pantomima erabiliko du ikusleen irudimena pizteko.

Egitaraua
Lastailak 16, ostirala    
Splash. Yllana antzerki taldea.

Lastailak 23, ostirala
Nómadas. La llave maestra antzerki taldea.

Lastailak 30, ostirala
Nosotras. El Bucle antzerki taldea.

Azaroak 1, igandea
Erdibana. Txalo produkzioak.