Levantetik garaipen potoloa lortuta itzuli da Magna Gurpea

Guaixe 2015ko urr. 19a, 12:54

Talde berdeak 1 eta 7 hartu zuen menpean Levante

Levanteren kontra aritu zen ostiralean Magna Gurpea Xota. Talde berdeak lehen uneetatik izan zuen zortea bere alde. Lehendabiziko 8 minututan hiru goleko errenta lortu zuten Imanol Arregiren mutilek, Kikok, bere atean, Eseverrik eta Dani Saldisek sartutako golei esker. Handik bi minutura laugarrena sartu zuen Jesulitok eta horrela iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Levantek hartu zuen jokoaren ardura; atezain-jokalari formularekin aritu zen Levante, eta azkenean 1 eta 4 hurbiltzea lortu zuen. Baina Rafa Usinek, Araçak eta Pablo Ibarrak Magna Gurpearen gol festa borobildu zuten eta azkenean 1 eta 7 irabazita itzuli zen talde berdea Levantetik.

Sailkapen orokorrean Movistar Team da liderra (21 puntu). Magna Gurpea Xota 7.a da. Asteburuan 7. Jardunaldia dago jokoan eta Magna Gurpeak larunbatean jokatuko du, 18:30ean, 11 punturekin sailkapenean bosgarrena den DLink Zaragoza taldearen kontra, Iruñeko Anaitasuna pabilioian. Ea Levanteren kontrako garaipenak konfiantza eman eta postuetan gora egiteko aukera duen talde berdeak.