Objektuen bidaiarako gonbitea

Guaixe 2015ko urr. 23a, 10:55

Gaur, 22:00etan,  Irurtzungo kultur etxean antzerki zikloaren bigarren emanaldia.

La llave maestra konpainiak maiatzean Iruñean eta agorrilean Txilen mustutako obra batekin heldu da Irurtzunera: Nómadas. Alvaro Morales Lifschitzek zuzendutako muntaketan “biltzeko materialekin eta eguneroko objektuekin egindako ikerketaren ondoren, eszena-hizkuntza nahasketa bat sortu da: keinu antzerkia, mugimendua, objektu eta popin antzerkia, maskara eta arte plastikoak”.

Edurne Rankinek, Patxi Larreak eta Aintzane Baleztenak gorpuztutako pertsonaiek unibertso poetiko batean nabigatzen dute, bizitzaren metafora bihurtzen den bidaian. Antzezlanarekin “irudimenera, bidaia oniriko bat” proposatzen digute, “bidaiatzeko akto ausartari oda bat, zaharra atzean utzi eta ezezagunean barneratzeari”. Hiru pertsonaiek euren beldur, esperantza, amets eta ilusioetara bidaia onirikoa eginen dute, “errealitatea bidaia poetiko batean bihurtuz”.

Eszenatokian sortzen diren eszena poetikoetan maletak, kartoizko kaxak, kutxak eta plastikozko biribilkiak maskaretan, mugitzen diren etxeetan edota animalia fantastikoetan bihurtuko dira. Guztia zentzumenei, irudimenari eta norberaren baitan bidaiatzeko dagoen desirari zuzendutako ikuskizun batean.