Antzerki zikloa despeditzeko asteburuan sesio bikoitza

Guaixe 2015ko urr. 30a, 12:07

Gaur, 22:00etan, El Bucleren Nosotras eta igandean, 20:00etan, Txalo produkzioen Erdibana antzezlanak ikusteko aukera izanen da Irurtzungo kultur etxean.

Irurtzungo antzerki zikloa asteburuko bi emanaldiekin despedituko da. Hasteko, gaur, Leire Ruiz (Isabel) eta Maiken Beitia (Josefina) aktore nafarrak eszenatokira igoko dira Nosotras antzezlana jokatzera, Migel Martinezek zuzenduta. Joan den mendeko 40ko hamarkadara eramenen gaitu Alberto Igelsiasen obrak. “Bizi, gizarte, harreman eta familia” baldintzengatik ahizpa bakoitza alde banatan dago; bata errepublikarra den bitartean beste frankista da.

“Minagatik eta ezinikusiagatik” banatuak dauden bi ahizpak hiru egoeratan bat eginen dute eszenatokian: milizia eta espetxeko egoera gogorretan lehenik eta erbestean azkenik. Ezin dute elkar ulertu. Elkar besarkatu nahiko lukete, baina ezin diote bereari utzi, besteari arrazoia ematea litzatekeelako.

Bi aktoreen konpainia da El Bucle eta Irurtzunen gaur eskainiko duten obra euren lehen ekoizpena da. Londongo antzerki dokumentalaren oinordekoa da antzezlana. Emanaldian zehar Francesco Casalik pianoa zuzenean jotzen du.

Komedia beltza euskaraz
Umoretsu despedituko da antzerki zikloa igandean. Jose Ramon Soroizek eta Iker Galartza aktoreek jokatzen duten Erdibana antzezlanarekin. Bien ama azkenetan da,
enbolia eta gripeak jota. Anaietako batek burusoil geratzen ari den emakume berekoia du, enpresa hondoratzeko arriskuan eta erretreta hartzeko garaia gero eta urrutiago; beste anaia ama zaintzeaz arduratzen da. Baina antzezlanean asteazkenero ama bisitatzera agertzen den Jehovako testigu bat ere ageri da.

Banku libreta asko, baina  diru gutxi aurreztuta eta saldu beharreko etxe bat. Amari bultzadatxo bat eman nahian, amaigabeko gau batean, ezkutuan gordetako sekretuak eta hainbat elementu gehiago sortuko dira.