Judutar eta euskal folk ametsak

Guaixe 2015ko aza. 6a, 15:34

Melech Mechaya eta Anne Etxegoien Irurtzungo folk ametsetan zikloaren barruan ariko dira.

Bi emanaldik osatuko dute aurtengo Folk Ametsetan zikloak, bihar eta hurrengo larunbatean Irurtzungo kultur etxean gozatzeko aukera izanen dena. Melech Mechaya taldeak klezmer (Europa erdialdeko musika judu tradizionala) musika ekarriko digu bihar, 20:00etan. Musika estilo horretan Portugalgo talde onena osatzen dute João Graçak (biolina), Miguel Veríssimok (clarinete), André Santosek (gitarra), João Novaisek (kontrabaxua) eta Francisco Caiadok (perkusioa).

2006tik lau disko karrikaratuak dituzte. Azkena, Gente estranha, aurkeztera etorriko dira Irurtzunera. Euren ibilbidean sorterrian eta atzerrian oihartzuna lortu du taldeak. Haienak emanaldi dibertigarriak omen dira.

Zikloa osatzeko, heldu den larunbatean, Anne Etxegoien donapaleutarra izanen da Irurtzunen. Lau disko atera ditu: bi bakarlari gisa eta beste bi Aizkoa gizonezko abesbatzarekin. Donejakue bidearen inguruko lan bat prestatzen hasia da.