Jumillaren kontra berdindu eta gero, Bartzelonaren kontrakoa prestatzera

Guaixe 2015ko aza. 9a, 12:00

Magna Gurpeak hiruna berdindu zuen sailkapenean azkena den Jumillaren kontra, partida arraroan. Ostiraleko Bartzelonaren kontrako partida prestatzen daude orain Imanol Arregiren mutilak

Magna Gurpea Xotak lau garaipen segidan lortu eta gero, sailkapenean azkena den Jumillaren kontrako partidan ildo berberak jarraituko zuela uste zuten zaleek, baina okertu ziren. Anaitasunan jokatutako partidan hiruna berdintzea lortu zuen talde murtziarrak, azken minutuetan. Partida arraroan, berdinketa garaipena izango balitz bezala ospatu zuen Jumillak. Aldiz, talde nafarra ez zen egindakoarekin kontentu geratu, ez baitzuen bere benetako maila erakutsi eta akatsak bata bestearen atzetik egin zituelako.

Partida hasi eta hiru minutura aurreratu zen Jumilla, Simonek alboko sake bat bikain probestu eta gero. Magnari izugarri kostatu zitzaion markagailuari buelta ematea. Murtziarrak defendatzera mugatu ziren, eta nahiz eta Magna behin eta berriz saiatu, baloiak ez zuen sartu nahi. Horrela iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Imanol Arregiren mutilak hobeto atera ziren kantxara. Horrela, 28. minutuan Jesulitok berdintzea lortu zuen, falta ikusgarria jaurtiki eta gero. Handik minutu batzuetara bigarren gola sartu zuen Jesulitok, eta beranduago Victorrek Magna Gurpearen hirugarren gola sartu zuen.

Azkeneko minutuetan joan zitzaien partida
Bost minuturen faltan Jumillak Cristian Rubio atezain-jokalari moduan jarri zuen. Erasora atera ziren murtziarrak eta Magna Gurpeak ez zuen ongi defendatzen behar bezala jakin. Horrela, Jumillak 3 eta 2koa sartu zuen eta partida bukatzeko minutu eskas baten faltan hiruna berdindu zuten murtziarrek.

Imanol Arregi ez zegoen kontentu, taldeak “puntuak ihes egiten utzi dituelako”. “Partida txarra egin dugu, baina hala ere uste dut irabaztea merezi izan dugula. Kolore guztietako jokaldiak huts egin ditugu, bereziki lehen zatian. Eta bigarren zatian defentsan ez gara ongi ibili eta gol aukera argiak huts egin ditugu” adierazi zuen.

Orain Bartzelona
Sailkapenean Movistar da liderra (28 puntu), Bartzelona bigarrenari 4 puntu aterata (24 puntu). Magna Gurpeak laugarren postuan jarraitzen du (17 puntu). Hain zuzen ere Magna Gurpeak Bartzelona izango du aurkari, ostiralean Bartzelonan jokatuko den partidan (21:00). Partida konplikatu hori prestatzen buru-belarri dabil talde berdea. Bartzelona da faboritoa, baina talde irurtzundarra arerio gogorra da eta garaipena lortzeko gogor borrokatuko du.