Ane Etxegoien Irurtzunen

Guaixe 2015ko aza. 13a, 11:27

Larunbatean, 20:00etan Irurtzungo kultur etxean.

 

Folk Ametsak zikloa despeditzeko, bihar, Ane Etxegoien kantari donapaleutarra Irurtzunen izanen da. Donapaleutarrak euskal musikaren tradizioan garrantzia handia duen eta beste eragin eta musika estiloekin uztartzen duen errepertorioa ekarriko du, ahots goxo eta indartsuarekin emana.

Donapaleuko kantaria herriko abesbatzan zortzi urterekin kantatzen hasi zen. Baionako eta Bordeleko kontserbatorioetan egin zituen musika ikasketak. Lirika ardatza izandako errepertorio baten ondoren Iparraldeko kantu tradiziotik edaten duen eta bere konposizio propioak partekatzen dituen errepertorioa ontzen du. Etxegoienek bakarlari gisa bi disko argitaratu ditu (Pachamama, 2008 eta Adelante, 2010) eta beste bi Baionako Aizkora gizonezko abesbatzarekin batera (Les voix célestes du Pays Basque chantent Noël, 2005 eta Les Voix Basques, 2013). Frantzian arrakasta handia lortu du telebista saio batean aritu ondoren eta euskal kantu tradizionalak eta bereak kantatuz urrezko diskoa ere eskuratu zuen. 2013ko 10 disko salduenen artean izan zen.

Donapaleutarra irailaren 21ean Donejakue bidea ibiltzen hasi zen. Etxegoienek bere herritik askotan ikusi ditu erromesak pasatzen eta udazken hasieran bera bihurtu zen erromes, bere hurrengo musika proiekturako oinarri izanen den bidaia egiteko.