Txiki-truke handia

Guaixe 2015ko aza. 17a, 11:00
Haurrak eta gurasoak jostailuak begiratzen.

Larunbat eguerdian Irurtzungo plazako arkupeak jostailuak trukatzeko gune bihurtu ziren. Pasa den astean haurrek egoera onean zeuden euren jostailuak Atakondoa eskolara eraman zituzten eta trukean txartel bana jaso zuten. Jasotako jostailu guztiak ikusgai jarri zituzten haurrendako larunbatean plazako arkupeetan. Haurrek, gurasoak lagun, eskaintza zabala behatu ondoren gogokoena aukeratu eta txartela eman eta jostailua etxera eraman zuten txikiek.

Baina, etxera joan aurretik, antolatuta zeuden kooperazio eta ohiko jokoetan ongi pasatzeko aukera izan zuten. Plaza haurrez, musikaz, jokoz eta kolorez bete zen. Goizaren bukaeran soberan gelditu ziren jostailuak Senegalgo gobernuz kanpoko erakunde bati eman dizkiote.

Atakondoa ikastetxe publikoak, eskolako guraso elkarteak, Irurtzungo Udalak, Itxipuruk, Sakanako Mankomunitateko Inmigrazio Zerbitzuak eta Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu zuten jostailu trukea. Azken erakunde horretatik eguna antolatzeko laguntza eman duten guztiei eskerrak eman dizkiete.