Magna Gurpea Xotak 10 eta 3 hartu zuen menpean C. Santa Coloma. Arregiren mutilak ikusgarri aritu ziren eta sailkapenean hirugarrenak dira. Oihanek eta Dani Garciak debutatu zuten

Magna Gurpea Xotak gol festa ederra ospatu zuen ostiralean Anaitasunan. C. Santa Coloma arerio zuzena zuten, laugarren postua baitzegoen jokoan. Irurtzungo taldea bikain aritu zen eta Santa Colomako taldearen gainetik pasa zen. Xotak ederki presionatu zuen, abiadura handia eman zion pilotari, partidaren erritmoari eutsi zion eta kontrako atean asmatu zuen. Bukaeran, 10 eta 3 gailendu ziren berdeak eta hirugarrenak dira sailkapenean.

Hasieratik agintea hartu zuen Magna Gurpea Xotak. Bigarren minuturako Jesulitok Xota aurreratu zuen, baina berdintzea lortu zuen Santa Colomak. Gol aukerek jarraitu zuten eta bigarrena sartu zuen Jesulitok. Victorrek beste bi gol egin zituen, baina Santa Coloma 4 eta 3 gerturatu zen. Bigarren zatian heldu zen Xotaren benetako gol festa. Bost minututan Saldisek, Ibarrak eta Araçak Santa Colomako atea zulatzea lortu zuten. Santa Coloma saiatu zen, baina zurtoinera joan ziren bere jaurtiketak. Jesulitok beste bi gol sartu zituen eta Roberto Martilek sartu zuen hamargarrena. Orduan Xotako jubenilak izan ziren protagonistak. Oihanek eta Dani Garciak talde nagusiarekin debutatu zuten, ospakizun hutsa bilakatu zen partidan.

Imanol Arregi pozez zoratzen zegoen. “Badaude egunak 20a gol aukera behar dituzula bi gol sartzeko, baina gaur dena sartu da. Guztia ongi atera zaigu eta taldeak partida bikaina egin du, bigarren zatian bereziki” azaldu zuen. Arregik gaineratu zuen Eseverri eta Rafa Usin jokalarien baja garrantzitsuekin iritsi zirela partidara, eta Carlitosek ere infiltratuta jokatu zuela. “Baja garrantzitsu horiekin egin duten partida egitea txapela kentzeko modukoa da. Ikusgarria” nabarmendu zuen.

Aste honetan bi partida
Sailkapen orokorrean Inter Movistar da liderra (31 puntu), Bartzelona 3 puntura duela. Ibilbide bikaina daraman Magna Gurpea da hirugarrena (20 puntu), Palma Futsalekin puntutara berdinduta. Aste honetan bi jardunaldi jokatuko dira. Bihar, asteartean, jaitsiera postuetan dagoen UMA Antequeraren kontra jokatuko du Magna Gurpeak, 20:45ean, eta larunbatean sailkapenean zortzigarrena den DLink Zaragoza hartuko du Irurtzungo taldeak Anaitasunan, 18:30ean.