Beste garaipen bat

Guaixe 2015ko aza. 30a, 09:40

Magna Gurpea Xotak 2 eta 0 irabazi zion Jaeni. Talde berdea Espainiako Kopa jokatzeko sailkatu da

Gauzak bikain jarraitzen dute Magna Gurpea Xotarendako. Larunbatean Iruñean jokatutako partidan talde berdeak 2 eta 0 hartu zuen menpean Jaen Paraiso Interior. Imanol Arregiren mutilek Jaen bezalako talde ordenatu baten aurrean sufritzen jakin zuten. Lehen zatian sartutako golen errenta defendatzen jakin zuten eta garaipen baliotsua lortu zuten. Talde berdeak hirugarren postuan jarraitzen du, 26 punturekin, eta Espainiako Kopa jokatzeko sailkatu da.

Bi taldeak bata besteari estutzera atera ziren hasieratik. 8. minutuan Roberto Martilek gola sartu zuen, kontraeraso baten ondoren. Jaenek ere aukerak izan zituen, baina Asier atezainak bikain zaindu zuen atea. Lehen zatia despeditzeko gutxi falta zenean iritsi zen Magna Gurpearen bigarren gola, Rafa Usinek sartutakoa. Bigarren zatian bi taldeak dena ematera atera ziren. Jokoaren abiadura handia izan zen eta erritmo altuko jokaldiak etorri ziren bata bestearen atzetik. Magnak defentsa bikaina egin zuen eta Jaenen eraso guztiak gelditu zituen. Horrela, merezitako garaipena lortu zuten berdeek.

Imanol Arregi entrenatzaileak adierazi zuen “garaipena justua” izan zela. “Oso pozik nago, partida serioa egin dugu. Garaipena justua eta oso garrantzitsua da” adierazi zuen. Magna Gurpea hirugarrena da sailkapenean eta 26 puntu ditu. Aurreko urtean lehen itzulian 23 puntu lortu zituen Magnak, eta dagoeneko puntu horiek gainditu ditu. “Gure helburuak berbera izaten jarraitzen du: lehen 8 postutan sailkatzea, play offak jokatu ahal izateko, eta lehen itzulian ahalik eta puntu gehien pilatzea, ilbeltzeko geldialdira modu onenean heltzeko. Hirugarren postua ez da gure toki naturala, baina inork ez digu ezer oparitu eta gu ahalik eta hobekien egoten ahaleginduko gara” nabarmendu zuen Arregik.

Erriberakoen kontrako derbiaren zain
Movistar da liderra (37 puntu), Bartzelona bigarrena (32 puntu) eta Magna Gurpea Xota hirugarrena (26 puntu). Ostegunean, Nafarroako egunean, sailkapenean 7.a den Aspil Vidal Ribera Navarra izango du aurkari Magna Gurpeak, derbi nafarra. Partida Anaitasuna pabilioian jokatuko da, talde berdearen etxean, 20:00etan.