Berdinketarekin despeditu zen derbia

Guaixe 2015ko abe. 7a, 12:29

Magna Gurpea Xotak eta Aspil Vidalek bana berdindu zuten

Ostegunean, Nafarroaren egunean,areto futboleko lehen mailako derbi nafarra jokatu zuten Magna Gurpea Xotak eta Aspil Vidalek. Primerako giroan eta Anaitasunako 3.000 eserlekuak beteta zeudela jokatu zen partida. Partida hasi baino lehen minutu bateko isilunea gorde zen Magnako Joselito jokalariaren amaren heriotzagatik.

Partida oso lehiatua izan zen eta bi taldeak bikain aritu ziren. Hirugarren minutuan Dani Saldisek pase bikaina egin zion Eseverriri eta talde berdeko kapitainak ez zuen huts egin, gol bikaina sartuta. Xotak ederki estutu zuen Tuterako taldea, baina Eseverri, Rafa Usin, Araçaren eta Roberto Martilen jaurtiketak ez ziren sartu. Bigarren zatian Aspil berdinketa bilatzera atera zen. Magnak hainbat jokaldi alperrik galdu zituen, eta Aspil Vidaleko Luchok berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera Aspilek hartu zuen agintea. Asierrek lan handia egin behar izan zuen atea zaintzen. Dani Saldisek gola egiteko aukera gehiago izan zituen, baina ez zuen asmatu. Azken unera arte Magna Gurpea garaipena lortzen saiatu zen, baina puntu banaketarekin despeditu zen lehia.

“Derbi ederra izan da, nafar guztien egunean jokatutakoa, eta oso polita izan da jokatzea, nahiz eta irabaztea merezi izan” adierazi zuen partida bukaeran Roberto Martil irurtzundarrak. Iritzi berdinekoa zen Imanol Arregi entrenatzailea. “Ongi aritu gara, baina ez bikain. Gehiago merezi izan dugu. Gol aukera argiak izan ditugu, baina baloiak ez du sartu nahi izan” azaldu zuen entrenatzaileak.

Sailkapen orokorrean Inter Movistar da lider (40 puntu). Magna Gurpea Xota hirugarrena da (27 puntu), El Pozo laugarrenarekin puntutara berdinduta. Aste honetan atseden hartuko du ligak. Abenduaren 18an sailkapenean 10. postuan dagoen Peñiscola RehabMedic taldearen kontra ariko da talde berdea, Peñiscolan.