Kinada zuzenean

Guaixe 2015ko abe. 11a, 16:34

Bihar, 20:00etan, Irurtzungo Pikuxar euskal txokoan, Euskal Ekitaldien barruan.

Aizpeak, Irurtzungo euskaltzaleen topaguneak antolatutako Euskal Ekitaldien barruan Kinada taldeak kontzertua eskainiko du bihar. Txantrean sortutako taldea 2013tik ari da estilo intimistako kantuak rockarekin uztartzen; “kantu bakoitzean emaitza desberdinak eskaintzen ditu nahasketa horrek”. Oihanek (gitarra eta koroak), Xubek (ahotsa), Gorkak (bateria), eta Mirenek (gitarra eta koroak) osatzen dute taldea.

Irurtzungo Euskal Ekitaldiak Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazoen Amalur ikuskizunarekin abiatu ziren. Jendetza elkartu zen ikuskizunean eta Aizpeako kideek eta euren seme-alabek eszenatokian bukatu zuten. Larunbatean Irurtzun Telebistak bideoa grabatu zuen Barazkiguneko karpan eta arratsaldean trikipoteoa izan zuten. Bestetik, Donostiarako txangoan irurtzundar mordoa elkartu zen asteartean.