Irurtzunek Espainiako Kin-Ball Txapelketa hartuko du asteburuan

Guaixe 2015ko abe. 11a, 12:33

Larunbatean eta igandean kooperazioa, hezkidetza, integrazioa, joko garbia eta biolentziaren gaitzespena baloreak lantzen dituen kirolaz gozatzeko aukera izango da Atakondoan

Atakondoa ikastetxean 4 urte baino gehiago daramatzate Kin-Ball kirol kooperatiboa praktikatzen. Aipatu modalitatea Mario Demers soin heziketa irakasleak asmatu zuen Kanadan 80. hamarkadan eta helburu nagusia ikasleak baloreetan heztea da. Bere araudian ondoko baloreak lantzen dira: kooperazioa, hezkidetza, integrazioa, joko garbia, emakumeen parte-hartzea eta biolentziaren gaitzespena. Eta horretaz gain, joko arin eta dibertigarria da.

Atakondoan bi orduz jarraian lantzen dute soin heziketa. Kin-Balla unitate didaktiko moduan lantzen dute Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak eta Derrigorrezko Bigarren Mailakoak. Baloiarekin kontaktua izan eta gero partidak egiten dituzte, 5 saio ingurutan. Manuel Iznaola soin heziketa irakasleak adierazi digunez, ikasleek oso gustuko duten kirola da. “Arauen errespetua horren handia da inor ez dela kexatzen. Ez dago keinu txarrik. Erabateko talde lana da. Kirol honek engantxatzen du jokalari guztiak sentitzen direlako garrantzitsu, inor ez baita nabarmentzen. Batek bakarrik ezin du baloia kontrolatu, laguntza behar du, eta inork ezin du pasibo egon” azpimarratzen du.

Helburua, hemen kin-ball taldeak sortzea
Manuel Iznaolari Irurtzunen Kin-Ball taldeak sortzea gustatuko litzaioke, kirol horrek eskolatik salto egin eta eskolatik aparte, Kin-Ball klubak edo taldeak sortzea. Horregatik, senior mailako Espainiako Kin-Ball Txapelketa Irurtzunen antolatzea bururatu zitzaion, jendeak kirola gertutik ezagutu eta “talderen bat sortzeko ea zerbait mugitu daitekeen”. Iznaolak adierazi digunez, 10 talde lehiatuko dira Irurtzunen, 60 jokalari guztira. “5 talde Madrilgoak dira, han jokatzen da gehien Kin-Ballera. Horretaz gain, Jaenetik 3 talde datoz eta baita ere Kantabriatik eta Valladolidetik ere. Badirudi komunikabideek interesa azaldu dutela ere eta ea Nafarroan talderen bat ateratzea lortzen dugun” azaldu du Atakondoako soin heziketa irakasleak.

Ordutegia
Espainiako Kin-Ball Txapelketa larunbatean abiatuko da, 9:00etan. Partidak 10:00etan hasiko dira. Atakondoako ikasleek 11:00ak aldera lagunarteko partida bat jokatuko dute “klaseetan landu dutena praktikan jartzeko”. Igandean, 9:30etik aurrera txapelketako finalerdiak jokatuko dira, 12:30ean finala eta 14:00etatik aurrera trofeo banaketa.

Nola jolasten da Kin-Ballera?
Kin-Ball jokatzeko 4 pertsonaz osatutako 3 talde behar dira, talde mistoak badira hobe, laukizuzen formako aretoan. Eta jakina, kin-ball baloi erraldoia, 122 zentimetroko diametroa duena. Markagailua ere berezia da, hiru taldek parte hartzen dutelako. Taldeen helburua ahalik eta puntu gehien pilatzea da, eta puntuak gainontzeko taldeek falta egiten dutenean lortzen dira. Baloiaren jabetza duen taldeak erabakitzen du zein talderi jaurtikiko dion baloia, eta aurretik berari jaurtiki behar diola esango dio. “Omnikin arroxa” esango du talde arroxari bota behar badio. Eta nahiz eta baloia gora edo horizontalean jaurtiki, baloia lurrera erortzeko helburuarekin jaurtikiko du. Jakina, beste taldeak baloia lurrera joatea ekidin beharko du eta baloia kontrolatzen saiatuko da. Baloiak lurra jotzen badu, baloia jaurtiki duen taldeak eta euren txanda itxoiten dagoen beste taldeak puntu bana lortuko dute. Aldiz, taldeak baloia kontrolatzen badu, erasotzaile izatera pasako da, eta 10 segundoko tartea izango du baloia aukeratzen duen taldeari jaurtitzeko, hori bai, taldeari aurretik abisatuta. Araudiak dioenez, puntu gehien duen taldeari bota behar zaio baloia, beti. Estrategiaz betetako jokoa da.

Talde batek baloia jaurti ahal izateko, talde horretako jokalari guztiak baloiarekin kontaktuan egon beharko dute, baloia eutsi, finean. Normalean, hiru jokalarik baloi erraldoia eutsiko dute eta laugarrenak kolpatuko du. 13 puntu lortzen dituen lehen taldeak “periodo” delako bat lortuko du, eta 3 periodo lortzen dituen taldeak irabaziko du partida.