“Kin-Balla jolas bat baino gehiago da”

Maialen Huarte Arano 2015ko abe. 18a, 08:05

1. Noiztik ari zarete kirol hau praktikatzen?
Iaz hasi ginen. Gorputz Heziketako irakasleak, Manuel Iznaolak erakutsi zigun nola jokatzen zen. Hasieran gehien kosta zitzaiguna Kin-Ball-aren arauak ulertzea izan zen. Horregatik, Espainiako selekzioko zenbait talde izan ziren Irurtzunen eta eurak jolasean ikusten argiago geratu zitzaizkigun.

2. Nola jolasten da Kin-Ball-era?
Taldeka. Lau kideko taldeak osatu behar dira. Hiru talde aritzen gara partida bakoitzean. Baloi erraldoia da Kin-Ballarena, 122 zentimetroko diametroa du baina pisu gutxikoa da. Talde bakoitzak lortu behar duena da baloia lurrera erori gabe airean mantentzea. Talde bakoitzeko hiru jokalarik baloia eskuekin eusten dute eta laugarren taldekideak jaurti egin behar du. Beste talde bati pasa behar dio baloia, saiatuz, besteari erorarazten. "Omniki arroxa" (edo beste talderen baten kolorea) oihukatu behar du baloi jaurtitzaileak baloia bota aurretik. Horrela, beste taldea prestatu egiten da bere txanda delako baloia lurrera ez erortzen saiatzeko.

3. Nola lortzen dira puntuak?
Baloia lurrera erortzen zaion taldeak ez du punturik jasoko, aldiz, gainerako biek bana puntu lortuko dute. Beraz, ahalik eta indar gehien egin behar da baloia lurrera ez erortzeko. 13 puntu lortzean irabazten da lehen periodoa. Guztira hiru jokatzen dira.

4. Taldeak nola osatzen dituzue?
Talde bakoitzeko lau kide gara. Neskak eta mutilak nahastuta jokatzen dugu, nahiz eta sortzen ahal diren neskak bakarrik edo mutilak bakarrik diren taldeak ere. Beti saiatzen gara taldekide desberdinak izaten.

5. Talde guztia egon behar da jokoan sartuta puntuak lortzeko, ezta?
Bai. Garrantzitsua da taldekideen artean guztiek arretaz jokatzea. Izan ere, taldekideetako batek ez badu baloia eusten, ezin dugu baloia jaurti. Talde lana da Kin-Balla. Gainera, txandakatu egiten gara. Batzuetan baloia eusteko ardura duzu, besteetan jaurtitzekoa.

6. Zergatik gustatzen zaizue Kin-Ball jokoa?
Dibertigarria delako eta lagunekin jolasteko aukera ematen dizulako. Oso joko azkarra da, beti mugimenduan izan behar zara eta tentuz ibili. Kontzentrazioa ere behar da.

7. Noiz aritzen zarete Kin-Ballean?
Eskola orduetan. Gorputz Heziketan aritzen gara jolasten, klaseko lagunekin. Baina noizbait aritu gara ere D eta A eredukoak elkarrekin jolasean, gaur bezala. Zailagoa da ordutegiak ez direlako berdinak, baina eskolaz kanpo aritu garenean denak elkartzen gara.

8. Irurtzunen jokatu da senior mailako Espainiako Kin-Ball Txapelketa. Zuek ere jolastu zarete.
Bai. Oso interesgarria izan da Espainiako beste erkidegoetako jendea jolasten ikustea. Guk horrela badugu aukera ikasteko. Nola aritzen diren beraiek, zein teknikarekin aritzen diren ... Gainera gure gurasoak eta lagunak etorri dira gu ikustera. Emozioz aritu gara jolasean, pixka bat urduri ere bai.

9. Estrategiak, beraz, ikasi dituzue?
Kin-Ballean oso garrantzitsua da estrategiaz jokatzea. Gu ikasten ari gara. Baina ikusi dugu adibidez, puntu gehien duen taldeari jaurti behar zaiola ahalik eta gehienetan baloia, horrela, gainerako bi taldeek puntuak lortzeko eta eurekin puntuetan parekatu ahal izateko.

10. Gustatuko litzaizueke eskolatik kanpo ere jolastea?
Bai. Oso ongi pasatzen dugu eta gero eta gehiago ari gara ikasten. Kirola egiten dugu eta dibertigarria da gainera. Eskolatik kanpo posible balitz gehiagotan jokatzea, animatuko ginateke.

11. Manuel Iznaolak talde bat sortu nahi du. Parte hartuko zenukete?
Asko gustatzen zaio kirol hau Manueli, bai. Eta badakigu sortu nahi duela taldea. Gu prest gaude bai, ia posible den Irurtzunen talde hori sortzea. Horrela, jende gehiago elkartuko ginateke eta talde berriak sortuko lirateke.