K-Olea talde jaendarrak irabazi zuen Espainiako Kin-Ball Txapelketa

Guaixe 2015ko abe. 16a, 16:21

Atakondoan jokatutako Txapelkeltan 10 talde lehiatu ziren

Kin-Ball kirol kooperatiboa da. Aipatu modalitatea Mario Demers soin heziketa irakasleak asmatu zuen Kanadan 80. hamarkadan eta helburu nagusia ikasleak baloreetan heztea da. Bere araudian ondoko baloreak lantzen dira: kooperazioa, hezkidetza, integrazioa, joko garbia, emakumeen parte-hartzea eta biolentziaren gaitzespena. Eta horretaz gain, joko arin eta dibertigarria da. Irurtzungo Atakondoan soin heziketa ikasgaian lantzen dute Kin-Balla.

Hain zuzen ere, Atakondoako Manuel Iznaola soin heziketa irakaslearen bitartez iritsi da Espainiako Kin-Ball Txapelketa Irurtzunera. Eskolatik aparte Kin-Ball taldeak sortzea gustatuko litzaioke Iznaolari, eta interesa hori pizteko senior mailako Espainiako Kin-Ball Txapelketa Irurtzunen antolatzea bururatu zitzaion. Txapelketa asteburuan jokatu zen eta 10 talde lehiatu ziren, Madrilgo 5, Jaengo 3 eta Kantabriatik eta Valladolidetik talde bana. Txapelketa oso ongi joan dela adierazi digu Iznaolak, eta final handia hiru taldek jokatu zutela: Jaengo Martos herriko K-Oleak, Jaen hiriburuko KB Lizardsek eta Granadako Roockiesek. Final lehiatuan K-Olea gailendu zen. Horretaz gain, Atakondoako neska-mutikoek lagunarteko partida jokatu zuten, oso kontentu.

“Txapelketa ongi joan da baina inportanteena da kirol honek interesa piztu duela. DBH mailako 16 neska-mutikok taldea sortzearen beharra aipatu didate, eta ikastetxeko hainbat ikasle ohiek, 10 inguruk, baita ere. Hortaz, hemendik aurrera ikasleekin asteazkenean 13:30etik 14:20ak arte Kin-Ballean arituko gara eta ostiraleko atsedenaldian baita ere. Eta hurrengo ikasturteari begira ikastetxetik kanpo talderen bat sortzea da asmoa. 20 neska-mutikoekin Kin-Ballean aritzeko 5 talde genituzke. Eta adin horietan kirola egitea zein garrantzitsua den kontuan hartuta, ederra litzateke taldea sortzea” nabarmendu du Iznaolak.