Muxuen doinura

Guaixe 2015ko abe. 19a, 10:29

Igandean, 19:00etan, Irurtzungo kultur etxean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) antzerki taldeak Besos antzezlana ekarriko du Irurtzunera igandean. Maitasunaz hitz egiterakoan betidanik erantzun gabeko galderak egin dira eta, antzezlan horrekin, NUPeko antzerki taldeak erantzun horien gakoak emanen ditu. Era dibertigarrian gainera. Ikusleek beraiek bizitako egoeraren bat gogoratuko duela ziurtatzen dute taldetik.

Carles Albeola eta Roberto Garciak idatzitako antzezlan horretan “bihotzarekin eta pertsonen arteko harremanekin zerikusia duten hainbat egoera barregarri aurkezten ditu”. Hala, ezinezko maitasunekin batera, hobe ezinak diren bikoteak, abrobetxatutako pertsonak eta beste hainbat agertuko dira. Guztiak Camilo Sesto, Mocedades, Mari Trini eta beste askoren abestiekin lagunduta. Doinuek egoera bakoitzaren erromantikotasuna eta barregarritasuna nabarmentzen dute. NUPeko antzerki taldeak 2008tik prestatu duen zazpigarren antzezlana da Besos.

Fitxa
Zuzendaria: Oskar Orzaiz Resano.
Aktoreak: Leire Aierra Perez, Alvaro Carceller Oñate, Enzo Castro Alvarado, Pablo de la Portilla Planillo, Karen Errea Goñi, Lidia Escribano Palomeque, Zuberoa Garcia Elias, Maite Garin Mendioroz, Javier Gorraiz Izagirre, Santiago Jimenez Rebole eta Ani Lozanova Peeva.