Magna Gurpea bikain

Guaixe 2015ko abe. 21a, 12:10

2 eta 6 irabazi zion Peñiscolari

Irurtzungo taldea denboraldi bikaina egiten ari da. Areto Futboleko 1. Mailako ligan, sailkapenean hirugarrena da Magna Gurpea. Goiko postu horri heltzen dio, ostiralean Peñiscolari 2 eta 6 irabazi eta gero.

Talde berdeak merezitako garaipena lortu zuen. Imanol Arregiren mutilak nagusi izan ziren hasieratik. Saldisek eta Carlitosek aurreratu zuten Magna, eta Peñiscolak gola sartzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian, Rafa Usinek eta Araçak berehala sartu zuten gola. Peñiscolak bigarrena sartu zuen, baina Magna Gurpeak ongi erantzun zuen eta Eseverrik, bitan, kontrako atean asmatu zuen eta bukaeran 2 eta 6 gailendu ziren irurtzundarrak.

Imanol Arregi oso kontentu zegoen. “Partida serioa egin dugu. Partidan nagusiak izan gara eta defentsan bikain ibili gara” nabarmendu zuen Irurtzungo teknikariak.

Sailkapen orokorrean Inter Movistar da liderra (43 puntu), Bartzelona bigarrena (38 puntu) eta Magna Gurpea Xota hirugarrena (30 puntu). Asteartean sailkapenean bosgarrena den Palmaren kontra ariko da Magna Gurpea Mallorkan, 20:30ean. Hurrengo jardunaldia ilbeltzaren 2an jokatuko da. Magnak Santiago Futsal hartuko du Anaitasunan.