Fran Idareta Goldarazena, Gizarte Langintzan doktorea eta musikaria

Guaixe 2011ko ira. 30a, 08:43

Musikaren bidez ezagutu dugu Fran Idareta irurtzundarra. Gizarte Langintzan ere ekarpena egin nahi izan du. Gizarteko esku-hartzearen epistemologia eta etikako Estatuko lehen tesia egin du. Tesiaren ondorio nagusiak azaldu dizkigu.

Izaskun Errazkin Beltza

Zergatik erabaki zenuen tesia egitea?
Gizarte Langilea naiz. 2005ean, egitasmo musikal bat amaitu berri nuela, jakin nuen 2006an Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Gizarte Langintzako Estatuko lehen graduondokoa jarriko zuela martxan. Gizarte Langintzako beharrak eta hutsuneak ikusten nituen, eta nire ekarpena egiten saiatu nintzen. Gizarte Langintzako epistemologia eta etikaren alorra aukeratu nuen, hau da, nola lan egiten dugun eta nola hobetu dezakegun. Tesia apirilean aurkeztu nuen.

Zerk eraman zintuen gai hori aukeratzera?
Bereziki, trintxerako lana garela; erabiltzaileen beharrei begira egoten gara, momentuan behar duenari begira, baina feed-backa falta zaigu. Ez dago egindako lanaren inguruko hausnarketa kritikorik. Eta, batez ere, zerbitzuaren erabiltzaileak boluntarioki erabakitzen du edo gu gara autoritate figura, erabiltzaileren bizitza nahi dugun bidetik -eta berari interesatzen ez zaionetik- eramaten duguna?
Tesia lotuta dago lanbidean nagusitzen den printzipialismoarekin. Hau da, aldez aurretik ezarritako arau batzuk betetzen ditugu eta lasai goaz etxera. Nire ustez erabiltzailearekin inplikatzea behar da. Erabiltzailea bakarra eta errepika ezina da eta gure ardura da haren benetako beharrak asetzea. Hori da tesiaren ondorio nagusia.

Levinasen teoria erabili duzu. Zergatik?
Bai, XX. mendeko filosofo dentso eta konplikatuenetakoa da. Gehien esan duenetarikoa da, baina aldi berean misteriotsuenetakoa, bere unibertso kontzeptualean sartzea oso zaila delako. Kontziente nintzen non sartzen ari nintzen, baina ez nuen bi aldiz pentsatu.
Levinasek gizakiaren urrakortasun edo sentiberatasuna azpimarratzen du. Intelektulitatea goratzen den garaian hausnarketa interesgarria iruditzen zait. Guztia teorizatzera goaz, aurrean dugun pertsonaren sentimenduak kontuan hartu gabe. Hor dago lehen aipatzen nuen printzipialismoaren akatsa.

Aldiz, Gizarte Zerbitzuetan prozesua aurkakoa izan da. Obsesioa elementu objektiboak aurkitzea izan da.
Bai, hori da positibismoak utzi digun arrastoa. Guztia egiaztatu beharra dago. Baina gizakia ez da bakarrik ikusten dena. Baditu sentimendu batzuk ezin ditugunak zerrenda ziurtagarri batean sailkatu.

Gizarte Langintza, psikologia, medikuntza eta bestelako giza zientziak intelektualizatzera jo dugu. Printzipialismoa edo erreferentziak ezinbestekoak dira, baina ez dela nahikoa, haratago joan behar gara.

Alde horretatik Levinas berritzailea izan zen. 60ko hamarkadakoa da eta orain bere pentsamendua berreskuratzen ari da. Bere obra garrantzitsuenean, Más allá del ser izenekoan, dio ezin garela geratu gu garenarekin, gure ikuspegiarekin, baizik eta bestearen ikuspegia kontuan izan behar dugu eta gurea bezain onargarria dela onartu behar dugu.

Nola eramaten da hori errealitatera?
Ez da erraza, gure gizartea oso burokratizatuta baitago, bereziki gizarte langileena. Hor dago Levinasek eskaintzen digu txispa. Zera esaten du: inguru burokratizatu batean aurrean dugun erabiltzaile bakar eta errepika ezin horri erantzun behar diogula, eta ez erabiltzaile estandar bati. Horrek ahalegin handia eskatzen dio langileari, baina, aldi berean, erabiltzaile guztiak eta egun guztiak ezberdin egiten ditu eta, ondorioz, errutina apurtzen du. Ez gara makinak, gizakiak baizik. Tratu pertsonalizatu horri esker eguneroko lanean saltsa handiagoa da.

Hori ez da erraza izango egungo krisi egoeran.
Arrazoi duzu, Gizarte Zerbitzuak beti ere gastu sozialean azkenak dira. Ez da erraza. Medikuen antzera, gizarte langileek erabiltzaileekin egoteko denbora mugatua dute. Baina nik uste dut Gizarte langintzan kalitatezko lana egiteko bide horretatik jo behar dugula.

Gizarte Langintza gainerako sistemek albo batera utzi duten pertsonengana zuzentzen da, babes gabeko eta kondizio kaxkarretan bizi direnengana. Prestigiozko pertsonez edo boteretsuez ari bagina, gure lan baldintzak bestelakoak izanen lirateke, baina errealitatea hau da. Pertsona horiei kalitatezko zerbitzua eman behar diegu.

Zerbitzuaren erabiltzailearekin inplikatzeko beharra aipatzen duzu. Baina batzuetan ez da behar distantzia jartzea?
Lanean inplikazio mantendu behar da, baina hori ez da etxera eraman behar. Hor sistematikoa izan behar da. Badakit zaila dela, baina hor dago profesionaltasuna.

Zure tesia Nafarroan Gizarte Langintzan egin den lehena da.
Bai, nire zuzendari Maria Jesus Urizek jarri zuen martxan graduondokoa eta tesia egiten lehen promozioko lehenengoa izan naiz. Bikain cum laude notarekin gainditu nuen eta lana Doktoretzako Ez-ohizko Sarietara izendatu dute. Gainera, gizartean esku hartzeko etikari buruzko Estatuko lehen tesia da. Tesi batek orijinaltasuna behar du, bestela ez du balio handirik.

Graduondokoen eskariak izugarri igo da, beraz, esan dezakegu Gizarte Langintzak etorkizuna duela, baina ezin gara lotan egon. Gizarte Langintza oso arduratuta egon da ekintzan, praktikan, baina ez horrenbeste praktikan jartzeko behar den teorian. Ez gara ohartu biak lotuta daudela.

Zein sentsazio geratu zaizu tesia egindakoan?
Bikaina. Izugarri kostatu zait, ordu asko eta asko. 2008an graduondokoa amaitu eta horretan jarri nintzen eta apirilean aurkeztu dut. Asko kostatzen da, baina merezi du. Maila pertsonalean, bai profesionalean asko ematen du. Ustez asko ezagutzen zenuen mundu horretan ezer gutxi dakizula ohartzen zara.

Aitortu behar dut nire emaztearen babesik gabe ez nukeela tesia amaituko.

Ikasle, langile eta orain irakasle. Zer moduzko esperientzia da?
Joan zen urtean UNEDen egin nuen lan. Aurten, tesiaren ondoren, NUPeko irakasle elkartua izanen naiz. Kontratua hobetzeko ANECAren (Agencia Nacional de Evaluación de la Calidad y Acreditación) onarpena behar da eta horretarako karrera egin behar da: publikatu eta publikatu.

Praktika eta irakaskuntza, biak dira beharrezkoak eta biek ematen dizkidate gauza onak. Praktika gauza bizia da, formazioa eta teorien gainetik dago; beti daude ihes egiten duten gauzak. Eta unibertsitatean ere asko ikasten da; ikasleekin dudan hartu-emana oso aberasgarria da eta haiek baino gehiago ikasten dut. Ikasleekin komunikatzea pribilegio bat da.  

Musika egitasmoa amaitu eta graduondokoarekin hasi zinen. Orain, tesia amaituta, zer?
Sakanarekin, euskararekin eta mitologiarekin lotutako egitasmo musikal bat dut buruan. Kontzertu ikusgarria antolatu nahi dut bertako taldeekin batera. Gauza berria da eta pentsatzen dut jendeak ongi erantzungo duela.