Elcheren gainetik pasatu zen Magna Gurpea

Guaixe 2016ko urt. 21a, 08:48

Talde berdeak 2 eta 7 irabazi zion Elcheri

Areto futboleko 1. mailako ligak geldialdia egingo du hilabete batez Serbian jokatuko den Europako Areto Futbol Txapelketarengatik eta Magna Gurpea Xotako mutilek etxeko lanak behar bezala eginda hartuko dute atseden. Asteazkenean Alicanten jokatutako partidan Elcheri 2 eta 7 irabazi zion Magna Gurpeak.

Partida hasieran bi taldeak parez pare aritu ziren. Elche jokaldi politak sortzen hasi zen, baina Imanol Arregiren mutilei partidan sartzea kosta zitzaien. Elche gehiago saiatu zen, baina Magna Gurpeak hobeto asmatu zuen: Elcheren atera iritsi zen lehen aldian gola sartu zuen Rafa Usinek. Elchek berdintzea lortu zuen, baina Magna Gurpeak partidaren kontrola bere gain artu zuen eta atsedenaldia baino lehen Rafa Usinek eta Araçak 1 eta 3 aurreratu zuten talde berdea. Atsedenaldiaren ondoren, Elche partidari buelta ematera atera zen, baina Magna Gurpeak ez zuen barkatu eta laugarrena sartu zuen Rafa Usinek eta bosgarrena Roberto Martilek. Elchek atezain-jokalari formula erabili zuen eta bigarren gola sartzea lortu zuten, baina Martilek eta Yoshikawak sartutako golei esker azkenean 2 eta 7 gailendu ziren irurtzundarrak.

“Garaipen hau garrantzitsua da, Ligak izango duen geldialdira posizio pribilegiatuan joatea ahalbidetzen digulako” azaldu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak. 20. jardunaldia jokatu eta gero, Movistar Inter da areto futboleko 1. mailako liderra (58 puntu) eta Magna Gurpea bosgarrena da (37 puntu). Otsailaren 19ra arte geldialdia izango du ligak, Europako txapelketa jokatuko baita Serbian. Orduan Magna Gurpeak 22 punturekin 11.a den Levante hartuko du Anaitasuna pabilioian.