Ikasleen eskola-errendimendua hobetzeko laguntza programa indarrean

Guaixe 2016ko urt. 22a, 08:26
Ikasleak eta gurasoak Atakondoa eskola publikoan.

Joan den ikasturteko probaldiaren ondoren, bueltan da Irurtzungo Udalaren eskola-laguntza programa. Eskola-errendimendua eta ikasketa-ohiturak hobetzeko beharra duten ikasleei zuzendutako programa da. Atakondoa eskolak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta Immigrazio Zerbitzuak atzemandako gabezia bati erantzunez sortu zen eskola-laguntza. 2015eko martxotik garagarzarora, hiru hilabete eta erdiz, indarrean izan ondoren, ilbeltzarekin batera bueltatu da programa, maiatzera arte.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzua antolaketaz arduratzen da. Joan den urteko esperientzia eta gero, zerbitzuaren funtzionamendua hobetze aldera, udalak gain hartu du hezitzaileen eta ikastetxearen arteko koordinazioa. Eskolak, berriz, parte-hartzaileak hautatu eta laguntza akademikoa eskaintzen dio lantaldeari.  

17 ikasle
Bost hilabetez hiru hezitzaile arduratuko dira eskola-laguntza emateaz; haietako bat boluntarioa da. Haien ardurapean 17 ikasle izanen dira. Haietako 9 Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoak dira eta gainontzeko 8ak DBHko 1. eta 2. mailakoak. Guztiak ere Atakondoako ikasleak. Arrazoi desberdinengatik eskola-laguntza programan parte hartzen duten ikasleek arazo akademikoak dituzte.  Horregatik, programaren bidez gehienbat alderdi akademikoa lantzen den arren, beste alderdi batzuk ere hartzen dituzte kontuan, beti ere, ikasleen eskola-errendimenduan eragina izan dezatelakoan: jarrera, integrazioa, elkarbizitza…

Eskola-laguntza astean bitan eskaintzen da, astearte eta ostegunetan, eta bi taldetan banatuta dago. Saio bakoitza ordu batekoa da eta eskolatik kanpo udal eraikin batean ematen da.