Musikari kurdua Irurtzunen

Guaixe 2016ko ots. 12a, 12:57

Bihar, 20:00etan, Irurtzungo kultur etxean Gani Mirzok Irak-en menpeko Kurdistango Domiz errefuxiatu eremuaren aldeko elkartasun kontzertua eskainiko du.

Ekialdearen eta mendebaldearen arteko zubi lana egiten du Gani Mirzoren musikak. Kurdistango, ekialdeko musikak flamenkoarekin eta jazzarekin nahastuz sortzen ditu. Lautearen eta gitarren arteko bidegurutzea da. Hiru disko argitaratu ditu. Gaur egun bere banda Neila Benbeyk (kantaria, Arjelia), Juan Jose Barredak (espainiar gitarra, Espainia), Martin Melendezek (Txeloa, Kuba) eta Aziz Hodayk (perkusioa, Maroko) osatzen dute. Mirzok Irurtzungo kontzertuko eta argitaratu duen azken diskoko irabaziak Irak-en menpeko Kurdistango Domiz errefuxiatu eremura bideratuko ditu. Han Siriako gerratik ihes egindako pertsonak babesa opatu dute.

Siriaren menpeko Kurdistanen, Qamishlo hirian jaio zen Gani Mirzo musikaria, baina txikitatik Alepon bizi izan zen. Hango kontserbatorioan laute eta konposizioa ikasi zituen. 1993an Kataluniara joan zen. 1994tik 2000ra arte Bartzelonako Liceu kontserbatorioan flamenkoa ikertzen eman zuen. Gaur egun Bartzelonako musika eskolako ekialdeko musikako departamentu burua da, baita flamenko gitarra irakaslea Liceu kontserbatorioan.