Magna Gurpea lanera

Guaixe 2016ko ots. 15a, 13:40
Dani Saldise.

Levante izango du aurkari ostiralean, 20:30ean, Anaitasunan

Eurokopa despedituta –Espainia da Europako txapelduna, finalean Errusiari 3 eta 7 irabazi eta gero – asteburu honetan itzuliko da Espainiako Lehen Mailako Areto Futbol Txapelketa. Magna Gurpea Xotako Rafa Usin jokalaria Belgradon jokatutako Eurokopan aritu da Espainiako selekzioarekin eta jokalari madrildarra egindako lanarekin kontentu itzuli da.

Ostiralean Santa Colomaren kontrako lagunarteko partidan 4 eta 5 irabazi zuten Imanol Arregiren mutilek. “Partida honek Eurokopa bitartean ligako erritmo lehiakorra ez galtzeko balio izan digu” azaldu du Magna Gurpeako Dani Saldise jokalari irurtzundarrak. “Taldearen sentsazioak onak dira. Ostiralean Levanteren kontra jokatuko dugun partidarako egokitzen ari gara, partidara ongi iristeko, partidak irabazten jarraitu nahi dugulako” gaineratu du Saldisek.

Izan ere, Eurokopako geldialdiaren ondoren, ostiralean itzuliko da Espainiako lehen mailako areto futbol txapelketa. Talde berdeak Levante izango du aurkari ostiralean, 20:30ean, Anaitasunan jokatuko den lehian. Movistar Inter da ligako liderra (58 puntu). Magna Gurpea bosgarrena da (37 puntu) eta Levante hamaikagarrena, 22 punturekin. Partida prestatzeko gogor entrenatzen ari dira Imanol Arregiren mutilak.