Sufrituta irabazi zuen Magna Gurpea Xotak

Guaixe 2016ko ots. 22a, 15:03

4 eta 3 irabazi zion Levanteri

Eurokopako geldialdiaren ondoren, Espainiako lehen mailako areto futbol txapelketa bueltatu da. 21. jardunaldia egon da jokoan. Magna Gurpea Xotak Levante hartu zuen ostiralean, Anaitasunan. Bi taldeek lehia oso estua izan zuten eta azkenean, izugarri sufrituta, Iruñean geratu ziren 3 puntuak.

Bi taldeek dena eman zuten hasieratik. Hanbat saiakeren ondoren azkenean Jesulitok mustu zuen markagailua, Magna Gurpearen lehen gola sartuz. Atsedenaldira baino lehen berdindu zuen Levantek, baina bigarren zatia hasi eta hirugarren minutuan atzera ere aurreratu egin zen Magna Gurepea, Carlitosek sartutako golari esker. Aukera gehiago izan zituen Imanol Arregiren taldeak, baina ez zuten asmatzen. Martilek Magnaren hirugarrena sartu zuen, baina minutu bat beranduago 3 eta 2 gerturatu zen Levante. Baina Xota berriro saiatu zen eta Carlitosek laugarrena sartu zuen. Levante behin eta berriz saiatu zen, baina Magnako atezain Asierrek bikain zaindu zuen atea, geldialdi bikainak eginez. Nahiz eta azkeneko minutuan Levantek hirugarrena sartu, 4 eta 3 irabazita 3 puntuak eskuratu zituen Irurtzungo taldeak.

“Lehen zatian ez gara ongi ibili, baina bigarren zatian hobeto jokatu dugu. 4 eta 3 irabazi dugu, sufrituta, baina merezita. Dena den, denboraldiko gure partidarik okerrenetarikoa dela uste dut, ez baikara oso ongi egon” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.

Hurrena, Zaragoza
Sailkapenean, Inter Movistar da liderra (61 puntu). Magna Gurpea Xota laugarrena da (40 puntu). Igandean sailkapenean 12.a den DLink Zaragozaren kontra jokatuko du talde berdeak, 12:00etan, Aragoiko hiriburuan.