Laugarren postuari eusten dio Magna Gurpea Xotak

Guaixe 2016ko ots. 29a, 13:33

Igandean 1 eta 4 irabazi zion talde berdeak D-Link Zaragozari

Magna Gurpea Xotak garaipen oso baliotsua lortu zuen igandean Zaragozan, D-Link Zaragoza taldeari 1 eta 4 irabazi eta gero. Merezitako garaipena izan zen, talde berdea Zaragozakoa baino askoz ere gehiago izan baitzen.

Hala ere, etxeko taldea hasi zen finago. Gol aukera arriskutsuak sortu zituen Zaragozak, talde berdeko Raul atezainak gelditu zituenak. Baina 10. minututik aurrera Magna Gurpeak hartu zuen kontrola. Carlitosek talde berdearen lehen gola sartu zuen jaurtiketa bikain baten ondoren. Hiru minutu beranduago Carlitosek Magna Gurpearen aldeko bigarren gola sartu zuen, Jesulito eta Saldiserekin jokaldi borobila osatu eta gero, eta 2 golen aldeko errentarekin joan ziren Imanol Arregiren mutilak atsedenaldira. Bigarren zatian Zaragoza Magna Gurpea estutzen saiatu zen, baina Araçak talde berdearen aldeko hirugarren gola sartu zuen. D-Link saiatu zen eta gol bat sartzea lortu zuen, baina Carlitosek bere hirugarren gola eta taldearen laugarrena sartu zuen txirrinak jo baino lehen. Horrela, merezitako garaipena lortu zuen Irurtzungo taldeak.

“Lehen 10 minututan beraiek gu baino hobe aritu dira, gol aukera argiak izan dituzte baina ez dute asmatu. Baina guk aldea atera dugu eta horrek gauzak erraztu dizkigu. Bigarren zatian oso ongi defendatu dugu eta garaipena lortu dugu. Laugarren postuan gaude, El Pozorekin puntutara berdinduta, eta postu horri eusteko borrokan jarraituko dugu. Nolanahi ere, lehen 8 postuen artean mantentzea da helburua play-offetarako sailkatzeko” azaldu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.

Laugarren postua dute jokoan Magna Gurpeak eta El Pozok
Inter Movistar da lehen mailako liderra (61 puntu). Magna Gurpea Xotak laugarren postuari eusten dio (43 puntu), bosgarrena den El Pozo taldearekin puntutara berdinduta (43 puntu). Hain zuzen ere, ostiralean El Pozo taldea hartuko du Magna Gurpea Xotak Anaitasuna Pabilioian, 20:30ean. Laugarren postua dago jokoan eta garaipena lortzera aterako da Xota. Horretarako, zale guztien babesa eskatu dute talde berdetik.