Bizitzak ehuntzen

Guaixe 2016ko mar. 4a, 11:08

Gaur, ostiralean, 20:00etan eta 22:30ean; larunbatean, 20:00etan eta igandean, 19:00etan, Irurtzungo kultur etxean antzerki tailerraren emanaldiak.

Irurtzungo antzerki tailerrak gaur mustuko duen obra, El club de las lanas, artile-denda txiki batean kokatzen da. Han pasako dira pasa beharreko guztiak. Eta asko dira. Mercek, dendako jabeak, era guztietako emakumeak hartzen ditu. Haien arteko harremanak dira antzezlanaren haria. Emakume horiek euren esperientziak eta bizitzak partekatzen dituzte dendan. Haien hizketaldiek hainbat gai sakon azalerazteko ematen dute: seme-alabak, maitasuna, banaketak, adiskidetasuna…

Etxe-giroko artile-denda da obrako eszenatoki bakarra. Pertsonaiek hara egiten dituzten sartu-irteerak dira akzio bakarra. Sortzen diren gatazkak apimarratzen dituzte Maurice Ravelen Boleroa eta Kansas taldearen Dust in the wind kantua.

Angel Sagues izan da, atzera ere, antzerki tailerreko zuzendaria. Kate Jacobsen El club de los viernes liburuan oinarritu da moldaketa, antzezlana sortzeko. Joan den urtean 19 aktorerendako lana egokitu bazuen, aurten hamarrendako izan da. Horrek aktoreekin “lan pertsonalagoa” egiteko aukera eman dio. Saguesek azaldu digunez, “testua sakonagoa da eta antzezleek eurengandik gehiago eman behar dute”. Gaur mustuko den antzezlana “apustu arriskatua” dela aitortu digu. Baita publikoaren erantzunaren zain dagoela ere.

Lan moldea
Lastailean hasi ziren antzerki tailerreko kideak lanean, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara. Saguesek gogoratu du denek dutela antzerki tailerreko ateak zabalik. “Hainbat arrazoirengatik batzuk utzi behar izan dute. Baina beste batzuk sartu dira, 13 bat urteko gaztetxo bat esaterako. Horrek taldeari beste izaera bat ematen dio eta bestelako proposamena egiteko aukera ematen du”.

Tailerraren hasieran jende berria ezagutzeko eta aurretik aritakoak non dauden jakiteko, Saguesek antzezpenaren oinarrizko puntuak errepasatzen ditu: emozioa sortzea, ahotsa… Ondoren pertsonaiak eta antzezlana aldi berean hazten doaz. Mustutzearen aurretik, aste honetan egunero elkartu dira. Antzezlana osorik eman dute, segurtasuna irabazteko.

Zuzendariak esker ona azaldu dio Irurtzungo Kultur Kontseiluari eta Patxi Mikeo kultur teknikariari, tailerra aurrera egiteko emandako erraztasun guztiengatik. Aktoreek jarritako gogoa eta egindako lana ere nabarmendu ditu.


Zein da zein
Txus Abad. Merce, mertzeriaren jabea.
Peio Alzueta. Martin, gizon adindua eta mertzeria ondoko tabernako jabea. Erlazioa dute.
Mª Eugenia Barroso. Merceren laguna. Beti dendan dago. Kudeaketako profesional ona,  kaleratu egin dute eta langabezian dago.
Maria Esparza. Amarekin arazoa du, eta gaizki darama. Puntua ongi egiten du. Denbora askoren ondoren, intseminazio artifizial bidez, haurdun gelditu da.
Txeli Garcia. Merceren ama, amona. Ehunen ezagutza handia du. Bizi-eskarmentu handikoa da.
Jose Ramon Irure. Romano. Mercerekin ezkondu zen, alaba izan zuten. Ihes egin zuen eta urteen ondoren bueltatu da.
Gemma Matxain. Itzal handiko abokatua, bere lan inguruaz nekatuta puntuari emana dago.
Tere Otxoa. Merceren lagun handia, hura laguntzeko prest dago. Adindua. Argia. Martinekin erlazioa du.
Meghan Sapp. Merceren institutuko laguna. 25 urte elkar ikusi gabe eman ondoren, bueltan da.
Zuriñe Serrano. Merceren alaba. Argia. Puntua eta gozogintza gogoko ditu.