Berriro ere punteria falta

Guaixe 2016ko mar. 7a, 12:47

Magna Gurpea Xotari 0 eta 3 irabazi zion El Pozo Murciak

Ostiralean partida garrantzitsua jokatu zuten, goitik behera beteta zegoen Anaitasuna pabilioian Magna Gurpea Xotak eta El Pozo Murciak. Puntutara berdinduta zeuden bi taldeak eta sailkapeneko laugarren postua zegoen jokoan. Zoritxarrez, Murtziakoek eskuratu zituzten jokoan zeuden hiru puntuak 0 eta 3 irabazi ondoren eta beraiek dira orain laugarrenak. Emaitza zigor gehiegi izan zen ongi jokatu zuen baina punteria falta izan zuen talde berdearendako.

Punteria faltak kondenatu zuen Magna Gurpea Xota. Bi taldeak bikain hasi ziren, arerioa gogor presionatuz. Gutxinaka El Pozok hartu zuen baloiaren jabetza, baina baloia hartu bezain pronto gogor erasotzen zuen Imanol Arregiren taldeak. Horrela, makina bat aukera izan zituen talde berdeak. Punteria faltagatik eta El Pozoko Fabio atezain bikainaren geldialdiagatik, ez zen baloia sartzen.

Limak aurreratu zuen El Pozo, jaurtiketa bikain bati esker. Magna Gurpeak presionatzen jarraitu zuen, baina Fabiok guztia gelditzen zuen. Bigarren zatia hasi eta berehala El Pozok bigarren gola sartu zuen. Magnak ez zuen etsi eta urrutiko jaurtiketekin saiatu zen behin eta berriz. Baina punteria faltagatik eta Fabio atezainarengatik ez zen abaloia sartzen. Bi taldeek gogor presionatzen jarraitzen zuten eta Magna Gurpeako Raulek ere geldialdi bikainak egin zituen. Zoritxarrez, ate propioan sartu zuten gola Magna Gurpeakoek eta nahiz eta modu guztietan saiatuz, Araça atezain-jokalari postuan jarriz, baloiak ez zuen sartu nahi izan eta 0 eta 3 galdu zuen talde berdeak.

“Ez dugu partida ona jokatu. Bi akatsengatik bi gol sartu dizkigute eta eurek ere akatsak egin dituzte. Uste dut ez dugula galtzea merezi izan, baina gaur baloiak ez zuen sartu nahi eta ez zaio buelta gehiago eman behar” adierazi zuen Imanol Arregi zuzendariak partida bukaeran.

Bosgarrenak
Sailkapen orokorrean Inter Movistar da liderra (64 puntu). Galdu eta gero, Magna Gurpea 5. postura jaitsi da (43 puntu). Asteburu honetan ez da ligako partida jokatuko, Errege Kopa baitago jokoan. Ligako hurrengo jardunaldian, jaitsiera postutan dagoen Jumilla B. Carchelo taldea izango du aurkari Magna Gurpeak, martxoaren 19an.