Magna Gurpea Kopatik kanpo utzi zuen Bartzelonak

Guaixe 2016ko mar. 14a, 12:59

Final laurdenetan 5 eta 2 irabazi zuen Bartzelonak, arbitroen erabaki polemikoak tarteko

Ostiralean Errege Kopako final laurdenetan lehiatu ziren Magna Gurpea Xota eta Bartzelona, Guadalajaran. Partida hasi eta berehala Eseberrik talde berdea aurreratu zuen. Bartzelonak baloiaren jabetza hartu zuen eta Magna Gurpea gogoz estutu zuten. Raul atezainak ederki egin behar izan zuen lan. 11. minutuan Jesulitok bere bigarren txartel horia ikusi zuen, Sergio Lozanorekin hitz potoloak izan eta gero. Jesulito kalera joateak, partida hasieran Araçak izandako lesioarekin batera, talde berdean sekulako eragina izan zuen. Egoera bere mesedetan erabili zuen Bartzelonak eta oso tarte laburrean 3 eta 1 aurreratu zen. Magna Gurpeak aukera gehiago izan zituen baina Bartzelonako atezaina fin ibili zen. Eta atsedenaldia baino lehen, gainera, Bartzelonak laugarrena sartu zuen.
Atsedenaldia eta gero, dena ematera atera ziren Imanol Arregiren mutilek. Eseverrik, Saldisek eta Carlitosek jaurtiketa bikainak egin zituzten, baina zurtoinera eta joan ziren guztiak. Azkenean, Rafa Usinek talde berdearen gola sartu zuen. Gora egin zuen talde berdeak eta aukera gehiago iritsi ziren. Baina zurtoinarekin egin zuten topo behin eta berriz. Tamalez, Bartzelonak bosgarrena sartu zuen. Magna Gurpeak atezain-jokalaria formula erabili zuen, baina ez zuen fruiturik eman eta, azkenean, 5 eta 2 galduta Errege Kopatik kanpo geratu ziren Irurtzungoak.

“Uste dut ez digutela irabazten utzi” azaldu zuen Roberto Martil irurtzundarrak partida bukatuta, arbitroen erabakiak nabarmenduz. “Jesulitoren kanporaketak min asko egin digu eta partida goitik behera aldatu da. Hala ere, nire taldeaz oso harro nago, guztiaren kontra borrokatu dugulako” gaineratu zuen. Iritzi berberekoa zen Imanol Arregi entrenatzailea. “Nire taldeaz oso harro nago, baina betiko sentsazioarekin geratu naiz. Taldeak aurpegia erakutsi du uneoro, baina uste dut berdintasunean lehiatzeko aukera kendu digutela” esan zuen Arregik, arbitroen erabakiak buruan.

Errege Kopa Inter Movistarrendako izan da, final estuan El Pozo taldeari 2 eta 1 irabazi eta gero.

Orain liga
Errege Kopako geldialdiaren ondoren, lehen mailako liga du buruan orain Magna Gurpea Xotak. Lehen mailako liderra Inter Movistar da (64 puntu) eta Magna Gurpea bosgarrena da (43 puntu). Asteburuan Jumillan jokatuko du talde berdeak, jaitsiera postutan dagoen Jumillaren kontra.