Etxeberri helburu

Guaixe 2016ko mar. 18a, 11:05

Igandean, 11:30ean, Irurtzungo plazatik abiatuko dira Familia-Mintzakideko kideak pasiatzera

 

Hilean behin euskara praktikatzeko irteerak edo bestelako jarduerak antolatzen dira Irurtzunen. Familia-Mintzakide egitasmoa da. Otsailaren 28rako Etxeberriko buelta egiteko asmoa zuten. Baina egueraldiak ez zien utzi eta Pikuxar euskal txokoko sukaldean ogia egiteko tailerra egin zuten. 

Iganderako hitzordurako Etxeberriko buelta hartu dute Familia-Mintzakidekoek. 11:30ean plazan elkartuko dira eta handik Biahizpeko presarantz joko dute. Zubia gurutzatu eta Etxeberrirako bideari helduko diote. Behin Etxeberrin aldapa beherari ekinen diote Irurtzuneraino errepidetik bueltatzeko.

Aizpea, Irurtzungo euskaltzaleen topagunearen eta Sakanako Mintzakide programaren elkarlanaren fruitu da Familia-Mintzakide. Familia euskaldunei eta euskalduntzen ari diren eta euskaraz hitz egiteko gutxieneko maila bat duten pertsonei zuzenduta dago, bai gurasoendako bai seme-alabendako.  

Egutegia

Eguna Jarduera 

  • Martxoak 20: Etxeberriko buelta.
  • Apirilak 24: Sakanako Sortzen jaialdia.
  • Maiatzak 29: Ibilaldia, Saien behatokia.
  • Garagarzaroak 19: Ibilaldia, Arrantzaleen bidea.
  • Irailak 25: Zehaztu gabe dago.
  • Lastailak 23: Euskaraz bizi nahi dut eguna.
  • Azaroak 27: Mahai jokoak.