Plazaola, maiatzaren zain

Guaixe 2016ko mar. 26a, 10:03

Nafarroako Gobernuak, Ederbide proiektuaren bidez, Plazaolako eta Bidasoako bide berdeak lotzeko asmoa du. Eta egitasmo hori eta herrialdeko beste bide berde batzuk kontinenteko Eurobelo sarean sartu nahi ditu. Ederbide egitasmoa gauzatzeko Nafarroako Gobernuak hiru urtetan 2,4 milioi euro inbertitzeko asmoa du. “Gobernuaren turismo arloko proiektu handia da”. Beharrezko finantzazioa lortzeko, proiektua Europako Batasunaren diru-laguntza deialdi batera aurkeztu du eta maiatzean jakinen da beharrezko finantziazioa lortuko den.

Horrek Plazaolako bide berdeari bultzada emanen liokeela esan zuen Patxi Saezek, Nafarroako Gobernuko Sakanarako turismo arduradunak. Hilaren 10ean izan zen, Iratxo elkarteak Irurtzunen Plazaolari buruz antolatutako mahai inguruan. Saezek bide berdearen egoeraren berri eman zuen: “Andoain eta Irurtzun artean egina dago. Iruña eta Sarasa arteko zatian lurrak desjabetzeko azken pausuak falta dira. Sarasa eta Iruña arteko zatiko lurren desjabetze tramiteak hasi berriak dira”.

Saezek jakinarazi zuenez, maiatzeko erantzunaren arabera, proiektua azkarrago edo motelago garatuko da. Plazaola turismo partzuergoak egin du bide berdearen proiektua. Nafarroako Gobernuaren oniritzia izanen du eta lanak Espainiako Gobernuak eginen ditu. Saezek Estatuan gobernurik ez egoteak gauzak moteldu ditzakeela gaineratu zuen. Aurreratu zuenez, Latasako geltokian bizikletendako gunea egitea aurreikusia dago. Bi Aizpeko eta Aizkorbeko tunelak itxita daudenez, egitasmoak bide alternatiboak aurreikusi ditu.

Irurtzun
Iratxok antolatutako mahai inguruan Gustavo Ortiz de Barron (Plazaolako turismo partzuergoko gerentea),  Floria Pistono (Iza- Gulinako alkatea), Juan Mari Albizu (Berriobetiko alkatea) eta Eduardo Murugarren (Irurtzungo alkate-ordea) izan ziren. Azken horrek esan digunez, “Irurtzun orain arte autobidea eta autopistarekin lotzen da”. Natur bidea egitea “herrirako ona izanen da bai ekonomikoki bai sozialki. Mundura zabaltzeko balioko du”. Dendek eta tabernek nabarituko dutela uste du. Sakana zeharkatuko lukeen bidearekin loturak are onura gehiago ekarriko lizkioke.

Gogoratu du Irurtzungo Udala Plazaola turismo partzuergotik atera zela “Latasatik Irurtzunerako proiektuaren zatian arazoak besterik ez zeudelako eta Iruñean interesik azaltzen ez zutelako”. Erdian eta ezer gabe gelditzen zirela uste zutenez, atera egin ziren. Baina orain, udalak bueltatzeko aukera aztertuko luke. Behin bide berdea gauzatu ahala mantentze lanak eta beste nola egin zehaztu beharko dituzte. Maiatzeko ebazpenaren zain, natur bidea gauzatzeko zain daude hainbat udal eta eragile.

Martxa
Iratxok antolatuta rurtzun eta Iruña arteko mendi martxa egin zen hilaren 13an eta 15 bat mendizalek ibili zuten bidea.