Goitik behera egin zuen Magna Gurpeak

Guaixe 2016ko api. 4a, 13:52
Martil eta Saldise, lanean.

4 eta 2 galdu zuen Santa Colomaren kontra

Kataluniatik poltsikoak hutsik itzuli ziren Magna Gurpea Xotako jokalariak, Santa Colomak 4 eta 2 irabazi baitzion Imanol Arregiren taldeari. Magna Gurpea ongi hasi zen, baina goitik behera egin zuen talde berdeak eta defentsa akatsengatik eta punteria faltengatik 3 puntuak ihes egiten utzi zituen.

Aurreko jardunaldian Bartzelonaren kontra 2 eta 4 galdu zuen Magna Gurpea Xotak Iruñean jokatutako partidan. Hala ere, itxura ona emanda galdu zuten nafarrek, ligako oilarretako baten kontra. Baina ostiralean Santa Coloman jokatutako lehian beste itxura bat eman zuten Imanol Arregiren mutilek. Goitik behera egin zuten, partida arraroan.

Izan ere, lehen zatian Magna Gurpea Santa Coloma baino gehiago izan zen. Jokaldi ederrak sortu zituzten nafarrek, baina Didac atezainak bikain zaindu zituen Santa Colomako ateak eta berdeen asmoak zapuztu zituen. Zurtoinak, defentsak eta atezaina zirela, gol aukera paregabeak huts egin zituen Magna Gurpeak. Gainera, urrutitik egindako jaurtiketa bati esker 1 eta 0 aurreratu zen Santa Coloma. Hortik aurrera aldaketa etorri zen. Bi taldeak lehia bizian hasi ziren, eta nahiz eta Magnak baloiaren jabetza eta kontrola izan, Magnaren akats batengatik bigarren gola sartu zuen Santa Colomak. Hala ere, atsedenaldia baino lehen 2 eta 1 gerturatzea lortu zuen Saldise irurtzundarrak.

Bigarren zatian behin eta berriz saiatu zen Magna, baina ez zuten kontrako atean asmatzen. Berdeek baloia galdu zuten beste jokaldi batean hirugarrena sartu zuen Santa Colomak. Hortik aurrera atezain-jokalaria formularekin jokatu zuen Magna Gurpeak, baina taktika ez zen ongi atera, laugarren gola sartu baitzuen Santa Colomak. Eseberrik bigarrena sartu zuen, markagailua makillatuz, baina urrezko hiru puntu galtzearen sentsazioarekin geratu ziren Imanol Arregiren mutilek.

Imanol Arregik onartu zuen bere taldeak partida txarra egin zuela. “Ongi hasi gara baina gaizki bukatu dugu, oso nahasita. Akaso kontrolatu ezin dugun dinamika negatibo batean sartu gara. Hau gertatzen denean, zure jokoan konfiantza izan behar duzu, emaitzei buelta emateko” azaldu zuen teknikariak.

Ostiralean Antequera arerio
Lehen mailako areto futboleko liderra Inter Movistar da (74 puntu). Magna Gurpea Xota seigarren postura jaitsi da (44 puntu). Ostiralean Magna Gurpeak sailkapenean azkena den UMA Antequera taldea hartuko du, Anaitasuna pabilioian.