Aurrekontu parte-hartzaileetako proiektuetako baten alde igandera arte bozkatu daiteke

Guaixe 2016ko api. 8a, 08:38
Irurtzundarrek Barazki gunean karpa jartzea joan den urtean erabaki zuten. Han, esaterako, Euskal Ekitaldiak egin dira.

Tahonan, Mª Jesus elikaduran, Lorena fruta-dendan, Eroslen, udaletxean, Martxueta liburu-dendan, jubilatuen elkartean edo Pikuxarren daude ontziak. Bestela, preparirurtzun@gmail.com helbidearen bidez egin daiteke. Aukeratutako proiektuarekin batera, heldu den urterako proposamenak idazteko aukera dago.

Udalaren aurrekontuaren zati bat irurtzundarren parte hartzearekin zertara bideratzen den seigarren aldia da. Hura lantzen duen herritar taldeak joan den urtean bildutako ideiak izan ditu abiapuntu. Horrekin batera, ohi dutenez, Irurtzungo hainbat talde eta kolektiborekin elkartu dira, guztira 286 lagunekin. Saio horietan taldeak ekarpen gehiago jaso ditu. Azken prozesu honek berritasuna izan du:  proposamena egin duen kolektibo bateko ordezkariak talde bileretan zuzeneko azalpenak eman dituzte. “Horrela, herritarrek askoz zuzenago parte hartzen dute aukeratzeko prozesuan”.

Bost urteko ibilbidean irurtzundarrek herria hobetzeko makina bat proposamen egin dituzte Parte-hartze Aurrekontuen taldearen bidez. Haiek udalari jakinarazi diote. Urtero, haietako bana izan da bozka bidez aurrera atera dena. Era berean, jasotako proposamenetako ugari gauzatu egin dira, bai merkeak zirelako, bai egiteko errazak zirelako. Horregatik, taldekideek irurtzundarrak proposamen eta iradokizunak egitera animatu dituzte.



Bost proiektuak
Osasun etxeko anbulantziendako sarbidea
Bai anbulantziendako, bai larrialdietara autoz doazen herritarrendako osasun etxeko sarbidea egokitzea litzateke asmoa. Horretarako, teknikoek dioten moduan geldigunea handitu egin beharko litzateke. Lan horrek anbulantziak atzeraka egin gabe sartu eta ateratzeko aukera lukete. Honako lanak aurreikusten dira: osasun etxeko estalpea handitzea eta eskailerak arranpa batengatik ordezkatzea. Hala, anbulantziek Lizarra kaletik sartu eta aparkalekutik ateratzeko aukera lukete, edo alderantziz.

Paseatzeko leku eta bideen plana
Herrian eta inguruan dauden hainbat bide egokitzeko egitasmoaren helburua da zailtasunik gabeko ibilbide batzuk sortzea, urte guztian erabilgarri izanen direnak. Ideia da, dagoeneko badauden bideak erabiltzea, egoera kaxkarrean daudenak hobetuz eta konponduz, eta, behar izanez gero, sarbideak ere egokituz. Nahiz eta aukera bat baino gehiago egon, horietako bat, adibide gisa, izan daiteke Plazaolatik Bi Haizperainoko etenik gabeko pasealekua ahalbidetzea. Horrek, ordea, eskatuko luke Matxain taberna parean zebrabide bat jartzea eta autobiako dezelerazio bidean beste bat.

Plazako zorua eta harmailak konpontzea
Udaletxeko plazan honako lanak eginen lirateke: bai Lizarra kalekoak, bai frontoiko parke aldeko sarbideetako lauza latzak aldatzea; plazako harmailak garbitzea eta sanotzea eta hondatua dagoen tokitan zorua aldatzea.

Gimnasioa
Etorkizunean gimnasio gisa erabiliko litzatekeen lokal bat egokitzeko egitasmoa da. Kiroldegiko bi gelatxo, areto bakar bihurtuko lirateke, etorkizunean gimnasio bihurtzeko. Orain honako lanak eginen lirateke: igeltseroarena, zurginarena, beirak, zoruak, pintura, klimatizazioa…

Jubilatuen elkarteko lehioak aldatzea
San Martin Jubilatuen Elkarteko lehioak deformaturik daude eta ez dute egoki ixten. Bestalde, iparraldera ematen dutenak babesarik gabe daude, hondatuak eta erortzeko arriskua zutenez, kendu egin zituztelako. Egitasmoak elkartearen kalitatea hobetu nahi du, tenperatura egokia mantenduz, bai neguan baita udan ere, berogailua kostua murriztuz.