Tanzaniako eskola baten aldeko bigarren eskuko azoka

Guaixe 2016ko api. 15a, 09:05

Plazan izanen da, 10:00etatik 14:00etara. Azokaz aparte, jatekoak, umeendako jolasak, zuzeneko musika eta beste izanen dira.

Arropa, liburuak, DVDak, CDak, etxe-tresna elektrikoak eta bestelakoak eskuratzeko aukera izanen da azokan. Itxipuru taldea 30 aldiz atera da plazara bigarren eskuko “traste zaharrak” saltzera. “Denok daukagu erabiltzen eta baliagarriak ez zaizkigun mordo bat gauza, beste batzuei ongi etorri ahal zaizkienak. Gure helburua, material horri guztiari irteera egoki bat ematea da, bizi garen gizarte kontsumista honek ezartzen duen “erabili eta bota” jarrerari ikuspegi kritikoa emanez”.

Helburu horrekin sortu zen azoka eta hala segitzen du. Gainera, lortutako irabaziak elkartasun proiektu bat laguntzera bideratzen du. Larunbatean izan zen elkartasun afarian proposamena egin zuen Maddi Urra Albizuk aurkeztu zuen egitasmoa 43 lagunen aurrean: Tanzaniako Newlands-eko komunitatean nahikoa diru baliabiderik ez duten haurrei hezkuntza aproposa eskaintzen ahalegintzen da.

Tanzania
Urrak berak 2014ko agorrila han eman zuen, laguntzen. Azaldu digunez, “Tanzanian teorian hezkuntza doakoa da. Baina familia bakoitzari haur baten eskolatzea 35-40 euro kostatzen zaio. Kontuan izanik famili askok astean euro bakarreko diru sarrera dutela, haiendako ezinezkoa da haurrak eskolara bidaltzea”. Born to Learn erakundeak komunitatean baldintzarik okerrenetan dauden haurrak zein diren identifikatu eta haien eskolara joateko aukera eskaintzen die. Bestalde, familien diru-sarrerak handitzeko emakumeei zuzendutako eskulangintza tailerrak ere antolatzen dituzte.

Bere egonaldiaz galdetuta, Urrak esan digu bi egiteko izan zituela. Batetik, haurrei swaghili, musika, matematika eta bestelako gaietako etxeko lanak egiten lagundu zien. Bestetik, plastikozko botilak harez betetzen aritu zen. Horiek adreilu gisa erabili dituzte eskola berria eraikitzeko. Izan ere, orain arte alokatutako eraikin batean egon dira. Igandeko bigarren eskuko azokan ateratako diruarekin eskola horren proiektua lagunduko da.