Irurtzungo festen kartelerako proposamenak jaso nahi dituzte

Guaixe 2016ko api. 26a, 18:01

Lanak Irurtzungo udaletxean aurkeztu beharko dira, maiatzaren 30eko 14:00ak baino lehen.

Aurtengo festak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du Irurtzungo Udalak. XXVI. aldia da modu horretan aukeratzen dena kartela. Irurtzungo festekin zerikusia duten gaiak azaldu beharko dira proposamenetan, beti jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dutenak.

Lanak plika sistema erabiliz aurkeztu beharko dira eta gutun-azal txikiaren barruan egilearen izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa egon beharko dute. Lehiaketak bi maila ditu, haurrena (14 urtetik beherakoendako) eta helduena. Azken horiek euren kartelak kartulina gainean aurkeztu beharko dituzte, 42x60 cm-ko neurriarekin. Haurren mailakoek kartulina gainean jarritako A3 tamainako kartela izan beharko dute. Kartel guztiek, ezinbestean, honako testua izan behar dute: Irurtzungo Jaiak, Uztailak 20-24 Julio 2016 Fiestas de Irurtzun. Haur mailako kartel irabazlearen egileak 150 euro irabaziko ditu eta helduen mailakoak, berriz, 400. Informazio gehiago, www.irurtzun.es web orrian.