Magna Gurpea Xotak seigarren despeditu du liga

Guaixe 2016ko mai. 2a, 13:44

Maiatzaren 13an abiatuko den Play-Offetarako prestatzen ari da talde berdea

Ostiralean lehen mailako areto futboleko 2015-2016 denboraldiko azken partida jokatu zuen Magna Gurpea Xotak Iruñean, Anaitasuna pabilioian. Magna Gurpeak garaipena eskutan zuen, baina azken minutuan abantaila hori ihes egiten utzi zuen talde nafarrak, launa berdintzea lortu baitzuen Peñiscolak. Berdinketarekin konformatu behar izan ziren Imanol Arregiren mutilak.

Peñiscola izan zen markagailuan aurreratu zena, baina berehala berdindu zuen Roberto Martil irurtzundarrak. Kontraerasoan iritsi zen Magnaren bigarrena, Carlitosek sartutakoa. Atsedenaldiaren ondoren hirugarrena sartu zuen Carlitosek, baina Peñiscolak ez zuen etsi eta bigarrena sartu zuen. Beste kontraeraso baten ondoren Magnak laugarrena sartu zuen. Peñiscola atezain-jokalari formularekin jokatzen hasi zen. Hirugarrena sartu zuten bisitariek. Dena eman zuten Peñiscolakoek, Play-Offetarako sailkatzeko puntu baten beharrean baitzeuden. Eta lortu zuten, minutu baten faltan berdintzea lortu baitzuten.

Imanol Arregi entrenatzaileak onartu zuen bere taldeko bi akatsen ondorioz iritsi zirela Peñiscolako bi gol, baina, orohar, bere taldeak egindako lanarekin pozik azaldu zen Irurtzungo teknikaria.

Play-Offetan El Pozo aurkari
Movistar Inter izan da lehena ligan (83 puntu), Bartzelona (74 puntu) eta El Pozo Murcia (63 puntu) taldeen aurretik. Palma Futsal izan da laugarrena (57 puntu), Aspil Vidal bosgarrena (52 puntu), Magna Gurpea seigarrena (48 puntu), Santa Coloma zazpigarrena (44 puntu) eta Peñiscola zortzigarrena (41 puntu). Lehen 8 talde hauek titulua erabakitzeko Play-Offak jokatuko dituzte. Magna Gurpea Xotak El Pozo Murcia izango du aurkari, Play-Offetako final laurdenetan. Maiatzaren 13an jokatuko dute berdeek joaneko partida, Anaitasuna Pabilioian, 20:30ean. Gero itzuliko partida jokatu beharko dute, Murtzian, eta berdinduz gero berdinketa hausteko norgehiagoka, Murtzian. Bi aste hauetan lehia garrantzitsua mimo handiarekin prestatuko dute berdeek.