1.165 mendizale Sakanako Ibilaldian

Guaixe 2016ko mai. 2a, 15:22

638 mendizalek Ibilaldi Luzea hautatu zuten, 385 mendizalek Ibilaldi Motza eta 142 Ibilaldi Txikian

Mendiak beti erakartzen du, baina urtetik urtera gora egin du bizitza ulertzeko eta bizitzeko modu honek. Bestela, galde diezaiotela Irurtzungo Iratxok antolatutako XXVII. Sakanako Ibilaldian parte hartu zuten 1.165 mendizaleei. Larunbateko hotz, euri, elur eta eguzki tarteei aurre egin zieten guztiek, izugarrizko animuarekin. Parte-hartze errekorra gainditu zuen Irurtzungo proba ez lehiakorrak.

Gehienek, 638k, Ibilaldi Luzea aukeratu zuten (54 km, 3.388 m desnibel positiboa). Irurtzundik aterata Txurregirantz jo zuten, Beriainera heldu, Uharte Arakilera jaitsi, Aralarko San Migelera igo eta Atatik Madotz, Larrazpil, Goldaratz eta Trinitatera jotzeko, Irurtzunen bukatzeko. Nahiz eta eguraldiak ibilbidea are gehiago gogortu, gustura topatu genituen mendizaleak Aralarko San Migeleko hornidura gunean. Hotza zen nagusi San Migelen, eta tarteka elurra ere botatzen zuen. Baina gustura iristen ziren mendizaleak. Mokadutxoren bat, salda, edo dena delakoa hartu, eta aurrera. Ibilbidea gogorra baino ederra zela nabarmendu zuten mendizaleek, “errepikatzeko  modukoa”, eta Sakanako paraje zoragarriak ikustea sari “bikaina” zela.

Ibilbide Motzaren hautua 385 mendizalek egin zuten (27,5 km, 1.344 m desnibel positiboa). Urritzola, Gaztelu, Ekai, Itxasperri, Goldaratz, Latasa eta Arrantzaleen Xenda gainditu ondoren, Irurtzunera iritsi ziren. Aipatu zigutenez, pare bat zaparrada gogor izan zituzten, baina ibilbidea egiteko ez zuten aparteko arazorik izan. Ibilbidearen edertasuna nabarmendu zuten parte-hartzaileek.

Azkenik, eta etorkizuneko mendizaleak trebatzeko, aurten lehenengoz Ibilbide Txikia (14 km, 736 m) antolatu zuen Iratxok. 142 mendizalek, handiek eta txikiek, Trinitatera jo zuten, Latasara jaitsi eta Arrantzaleen Xendatik Irurtzunera heltzeko. Oso txalotua izan zen ekimena.

Antolatzaileak, Iratxoko kideak, pozik zeuden Sakanako Ibilaldiak izandako erantzunarekin. Izan ere, Nafarroako mendi ibilaldi beteranoena denak aparteko xarma dauka. Nafarroako eta Euskal Herriko Mendi Ibilbideen Zirkuituan dago sartuta Sakanako Ibilaldiko Ibilbide Luzea, eta urtero arrakasta handia izaten du. Iratxo elkarteak 70 pertsonako lan taldea gidatu zuen guztia ongi antolatzeko. Ibilbide ez lehiakorra osatu zutenek kamiseta eta diploma jaso zituzten opari, eta kirol materiala zozketatu zen parte-hartzaile guztien artean.