Kudeaketa publikoaren alde iluna

Guaixe 2016ko mai. 6a, 13:41

Igandean, 20:00etan Irurtzungo kultur etxean.

Migel Munarrizek sortu du Toma el dinero y corr(omp)e antzezlana. Bera da zuzendaria baita antzezleetako bat Marta Juanizekin batera. Camiloren bizipenen berri ematen digu antzezlanak. Alprojaren eta jaunaren arteko nahastea da Camilo. Karrerako funtzionarioa da eta inork baino hobeki ezagutzen ditu administrazioaren zirrikituak. 16 urte politikagintzan aritu da eta horrek “politikako mundu osoa” ezagutzeko aukera eman dio. Ibilbidea bukatu ondoren, bedel postura itzuli da.

Camilo funtzionario akatsgabea izan zen beti. Baina bere bizitzan aldaketa izan da: emakume bat ezagutu du, Elvira. Elvira ez da gaiztoa, gizatiarra da. Zeta du gogoko. Baita Chanelen 5 zenbakia, Mercedesen 350 eta kontu korrontean zero zerrenda luzea edo Bahametan egotea ere. Camilok maite du eta haregatik edozer egiteko prest dago. Hiru urte daramate elkarrekin eta Camilo kudeaketa publikoaren alde ilunera pasa da. Langile publiko akats gabea zena erabat aldatua dago. Bere maitearen zoriontasuna opatu asmoz, azken kolpea, kolpe handia, emateko prest dago.