Bizikleta festa aurten Irurtzunera

Guaixe 2016ko mai. 12a, 10:40

Maiatzaren 29an izanen da, Irurtzunen, baina maiatzaren 24a baino lehen eman behar da izena

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Immigrazio Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuakaurreko urtean bizikleta festa antolatu zuten Altsasun, eta arrakasta ikusita, ekimenarekin aurrera jarraitzea erabaki dute. Baina aurten festa Irurtzunen ospatuko da, maiatzaren 29an. Besteak beste, bizikleta ibilaldi erraza, herri jolasak, bizikleta konpontzeko tailerra eta kirol materialaren trukea antolatu dituzte.

Ekimena behar bezala prestatzeko ondoko talde eta entitateen laguntza izan du Mank-ek: Irurtzungo Udala, Barranka Txirrindularitza Taldea, Berri Bikes denda, Muruzabal bizikletak eta Sakanako ikastetxeak eta guraso elkarteak.

Adin guztiendako ibilbidea, herri jolasak eta tailerrak
Irurtzungo Foru Plaza izango da bizikleta aitzakia hartuta burutuko den festaren ardatza. Maiatzaren 29an izango da ekitaldia, igandearekin. Goizeko 9:30ean 2 orduko bizikleta ibilbide erraza prestatu da Irurtzundik barna, ez lehiakorra. Kaskoa, mendiko bizikleta eta ogitartekoa eraman beharko dira eta aurretik bizikleta puntuan jartzea eskatzen da. Ondoren, 11:30ean auzatea izanen da eta ondoren, 12:00etan, herri jolasak: zapiak, koskolak, soka saltoa, munduko jolasak… eta bizikleta konpontzeko tailerra, oso interesgarria.  Jarraitzeko, 12:30ean jostailuen eta kirol materialaren trukea egiteko aukera izango dute guztiek. Edozein jostailu edo kirol materiala trukatu daiteke: patinak, raketak, bizikletak, patineteak, baloiak, eskiak… Hori bai, gauza hauek Atakondoa eta San Migel ikastetxeetan jasoko dira aurretik, egunean trukatzeko. Bukaeran partaide guztien artean oparia zozketatuko da.

Aurretik izena eman behar da
Maiatzaren 24a baino lehen, Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866), Immigrazio Zerbitzuan (648 070 710), Euskara Zerbitzuan (948 464 840) edo Atakondoa eta San Migel ikastetxeetan.