Goazen berdeak!

Guaixe 2016ko mai. 13a, 13:22

Magna Gurpea Xotak Play-Offetako final laurdeneko joaneko partida jokatuko du El Pozo Murciaren kontra, gaur, 20:30ean Anaitasunan

Lehen mailako areto futbol txapelketako liga erregularrean 48 punturekin seigarrenak sailkatu eta gero, ligako titulua erabakitzeko Play-Offetan sailkatu zen Magna Gurpea Xota, lehen 8 postuetan sailkatutakoek jokatzen baitituzte Play-Offak.

Asteburu honetan hasiko dira Play-Offak, final laurdenekin. Imanol Arregiren mutilei arerio gogorra tokatu zaio: El Pozo Murcia. Joaneko partida gaur jokatuko dute, Iruñeko Anaitasuna pabilioian, 20:30ean. Zalantzarik gabe, partida oso konplikatua du talde berdeak. El Pozo Murcia hirugarrena sailkatu zen liga erregularrean eta Errege Kopa irabaztetik dator. Talde ahaltsua da, ligako oilarretako bat izarrez beteta: Miguelin, Alex, Jé, Raul Campos, Lima… Jakina da Magna Gurpea Xota talde apala dela, aurrekontu askoz ere murritzagoa duena. Baina Imanol Arregiren mutilek talde bikaina osatzen dute, adorea dute, izaera berezia, eta talde handien aurrean ez dira kikiltzen. Hori guztia eta gehiago beharko dute El Pozo Murciaren kontra. Kantxa faktorea erabakigarria izango da eta polita litzateke etxean jokatzen duten joaneko partidan abantaila hartzea, Murtzian jokatuko duten itzulerako partidarako abantaila hartzeko.

Jesulitok ezingo du lehia erabakigarri honetan aritu. Lesionatuta dago, hurrengo denboraldira arte. Yoshikawaren parte-hartzea ere azken unera arte zalantzan dago, osatzen baitago. Gainontzeko jokalari guztiak lehia garrantzitsurako Imanol Arregiren esanetara daude. Zorterik onena opa diegu.

Sarrerak txarteldegian daude eskuragarri. Xotak partidaren eguna klubaren laguntzerako eguna zehaztu du, eta, hortaz, bazkideek ere ordainketa egin beharko dute.