Fermin Idareta Goldarazena

Guaixe 2007ko eka. 29a, 16:40

Irurtzungo abesbatzako zuzendariari Oihana Gallo San Romanek eginddako elkarrizketa.

Orain dela urte eta erdi sortu zen Irurtzungo abesbatza. Adinez gaztea izan arren sasoi oneko taldea da eta orain arte egin duten lana estreinakoz taularatuko dute bihar, larunbatean, arratsaldeko 20:30ean Irurtzungo San Martin elizan. Fermin Idareta da abesbatzako zuzendaria eta lan honetan gustura diharduela aitortu digu. Oso talde langilea da eta bihar erakutsiko dute barnean daramaten musikari ospetsua.
 
Irurtzungo abesbatzaren zuzendaria zara. Nolatan ogibide hori?
Nik astean zehar beste lan bat daukat eta egiten dudan lanetik deskonektatzeko edo ihesbide bat da niretzat abesbatza zuzentzea. Betidanik asko gustatu izan zait musika eta abestea, piano ikasketak ere egin nituen eta musikan murgildu naiz bizitza osoan.
Haiek nirekin ikasten dute eta nik haiekin ere asko ikasten dut. Ilusio handiarekin egiten dudan gauza bat da eta oso pozik ari naiz.


Noiz sortu zen Irurtzungo abesbatza?
Orain dela urte eta erdi sortu zen. Lehen esan bezala betidanik musika munduan ibili izan naiz ni eta Irurtzungo talde hau zuzentzea proposatu zidaten.  Nik atsegin handiz hartu nuen proposamena eta urte eta erdi daramagu lanean. Konturatu gabe denbora pasa da eta dagoeneko  lehenengo kontzertuaren eguna iritsi da.

Zenbat kidez dago osatuta abesbatza?
35 lagun biltzen gara entseguetan eta oso talde fina da. Lan handia egiteko nahia, beti gauza berrik ikasteko desiratzen. Gustura aritzen naiz haiekin lanean, beti edozertarako prest daudelako. Ilusio handiarekin egiten den lana ez da batere neketsua eta horrela adierazten dute abesbatzako kide guztiek. Entsegu guztietara etortzen dira inoiz hutsik egin gabe. Eta horrek aurrera jarraitzeko indar handia ematen du.

Gehiengoa emakumezkoa da eta 7 gizon besterik ez gaude taldean . Bestalde azpimarratzekoa da taldekideen adina. Guztiak 50 urtetik gorakoak dira eta honek balio handiagoa ematen dio taldeari eta proiektu guztiari.

Eta gazteak ez dira animatzen?
Pena da baina ez. Badirudi Irurtzunen gazteen artean kultura musikalik ez dagoela. Badakit musika eskolan-eta gazte asko biltzen direla baina abesbatzara etortzen ez dira animatu.Agian beste zaletasun batzuk dituzte, ez dakit. Gure helburua gazte hauengana heltzea ere bada. Kontzertu honen ondoren jende gazte gehiago hurbiltzea espero dugu eta ea hala den. Beraz, guk gazte guztiei gonbitea luzatu nahi diegu. Abesbatzan musikaz gozatu eta ongi pasatzeko aukera izango dute.

Beraz, jende gehiagoren premia duzue?
Beno guk gonbitea luzatu egiten dugu.Herrian guztiok elkar ezagutzen dugu eta beti esan dugu ateak irekita dauzkatela, entseguak ikustera etortzeko, abesteko.... jendea guregana hurbiltzea nahi dugu.

Noiz eta non egiten dituzue entseguak?
Irurtzungo musika eskolan egiten ditugu entseguak eta normalean 2 edo 3 egunetan. Baina azken bolada honetan, kontzertua dela eta, 3 edo 4 egunez bildu izan gara.

Ekainaren 30ean beraz estreinaldia. Zer prestatu duzue aurreneko emanaldirako?
Ilusio handiarekin prestatzen ari garen kontzertua da beraz guretzat oso berezia izango da kontzertua hau. Lehen kontzertua den heinean esanahi berezia izanen du guretzat eta espero dut ikusleentzat ere hala izatea.

Denetarik entzun ahal izango da kontzertu honetan. Nik diodan bezala bazkari on baten ondoren abesten diren abestiak, betiko abestiak, entzun ahal izango dituzte bertaratutakoek: Maite, Aurora. Euskal musikak ere bere lekutxoa izanen du; Maritxu nora zoaz, Maitia nun zira eta Izar ederra  bezalako abestiekin.

Zergatik bururatu zitzaizuen lehen kontzertu hau egitea?
Dagoeneko errepertorio polita geneukan eta jendeari urtean zehar egiten genuena erakutsi nahi genion. Urte honetan ikasitakoaren erakus-lehioa izanen da larunbatekoa. Bestetik eta nik uste garrantzitsuena, batzen gaituenarekin, hau da, musikarekin, ongi pasatzeko aukera izango dugu. Hori da azken finean kontzertuaren helburua: abestuz ongi pasatzea.

Irurtzungo talde batzuen parte hartzea izango dugu baita sorpresatxo batzuk ere beraz, hunkigarria eta berezia izango da larunbatekoa.

Irurtzungo talde batzuen kolaborazioa izanen duzue. Zergatik jo duzue haiengana?
Gure desioa hori zen, herriko musikariek kontzertu honetan gurekin bat egitea. Eta halaxe izanen da, Irurtzungo gaitariak, Irurtzungo txistulariak, Ilargi fanfarrea eta Fran Idareta akordeoilaria bertan izanen baitira. Haiek atsegin handiz hartu zuten gonbitea eta kontzertu berezi bat eginen dugu guztion artean. Oso ongi lagunduta egonen gara gure lehen kontzertuan.

Eta hurrengo kontzertua noizko?
Beno momentuz honekin nahikoa izan dugu. Ezkontzetan ere izaten ditugu emanaldiak beraz horrekin jarraituko dugu. Gabonetarako horrelako beste kontzertu handi bat prestatzea gustatuko litzaidake baina pausuz pausu egin beharreko lana da. Gu pixkanaka hasi gara eta etorkizunean,......auskalo!!!