Magna-Gurpea, irabaztera behartuta

Guaixe 2016ko mai. 30a, 13:20

Play-Offetako finalerdietako joaneko partidan 3 eta 0 irabazi zion Bartzelonak Magna-Gurpea Xotari. Ostegunean itzuliko partida jokatuko da Iruñean

Lehen mailako areto futbol ligako titulua erabakitzeko Play-Offetan murgildua jarraitzen du Magna-Gurpea Xotak. Play-Offetako final laurdenetan El Pozo Murcia talde ahaltsua bidean utzi eta gero, ligako beste oilar bat du aurkari Irurtzungo taldeak finalerdietan: Bartzelona.

Larunbatean joaneko partida jokatu zen Palau Blaugranan. Talde berdeak ezin izan zuen sorpresa eman eta 3 eta 0 galdu zuen Bartzelonaren kontra. Markagailuak ez du partidaren nondik norakoa islatzen, partida lehiatua izan baitzen. Magna-Gurpea Xotak makina bat aukera izan zituen, baina punteria falta, zorte txarra eta Bartzelonako Paco Sedano atezaina zela medio, baloiak ez zuen sartu nahi izan.

Hasieran Bartzelonak gogor estutu zuen Magna-Gurpea Xota, baina Asierrek geldialdi bikainak egin zituen. Bosgarren minututik aurrera hasi zen talde berdea Bartzelonako atera heltzen. Roberto Martil irurtzundarrak jaurtiketa bikainak egin zituen, baina ezin. Dyegok Bartzelona aurreratu zuen 8. minutuan. Xota saiatu zen, baina Bartzelonak lortu zuen kontrako atean asmatzea, 12. minutuan, Aicardoren golari esker. Rafa Usinek, hirutan eta Javi Eseverrik, bitan, gola egiteko aukera garbiak izan zituzten, baina ez zuten kontrako atea zulatu. Bigarren zatian Dani Saldisek gol aukera ikusgarria izan zuen, Paco Sedanok gelditu zuena. Atzetik beste hainbat aukera etorri ziren, baina ezin. Bukaera aldera Imanol Arregik atezain-jokalari formula erabili zuen, baina estrategia ez zen ondo atera eta Bartzelonak hirugarren gola sartu zuen Lozanori esker. Eta horrela bukatu zen lehia.

Azkeneko bala
“Bala bat geratzen zaigu, bueltako partida etxean jokatzearena, eta erabiliko dugu” adierazi zuen partida bukaeran Imanol Arregi entrenatzaileak. Imanolek bere jokalariek “lan bikaina” egin zutela nabarmendu zuen, nahiz eta lehen zatian ez zirela oso ongi aritu aitortu. “Baina bigarren zatia gurea izan da, erabat” gaineratu zuen Imanolek. Jesulito eta Yoshikawa bajan daudela asko nabaritzen dutela aipatu zuen entrenatzaileak, “guretako ezinbestekoak direlako”. Halaber, Bartzelonako atezain Paco Sedanoren lana goraipatu zuen. “Sekulako piztia da, dena gelditu du” adierazi zuen. Iruñean hobeto jokatu beharko dutela onartu zuen Irurtzungo entrenatzaileak.

Ostegunean Iruñean
Play-Offetako itzulerako partida Iruñean jokatuko da, ostegunean, 21:00etan, Anaitasuna pabilioian. Sarrerak salgai daude Xotaren bulegoan, Irurtzunen, eta Anaitasunako txarteldegian (5 eta 10 euroren artean). Xotak kluba laguntzeko eguna izendatu du ostegunekoa, eta bazkideek ere sarrera ordaindu beharko dute, prezio merkeagoan (3 eta 5 euro artean). Teledeportek eskainiko du partida.

Xotak irabazten badu, berdinketa hausteko hirugarren partida Bartzelonan jokatuko da, Palau Blaugranan, igandean, 20:30ean.