Magna-Gurpea, gaur Bartzelonari irabaztera behartuta

Guaixe 2016ko eka. 2a, 12:10

Play-Offetako finalerdietako joaneko partidan 3 eta 0 irabazi zion Bartzelonak Magna-Gurpea Xotari eta gaur Iruñean 20:30ean jokatuko den itzuliko partidan garaile izan beharko dute berdeek, finalera pasatzeko aukerak izateko.

Lehen mailako areto futbol ligako titulua erabakitzeko Play-Offetan murgildua jarraitzen du Magna-Gurpea Xotak. Play-Offetako final erdietako joaneko partidan 3 eta 0 galdu zuten jokalari berdeek Bartzelonaren kontra, Palau Blaugranan. Partida lehiatua izan zen, baina Magnak izandako gol aukera guztiak huts egin zituen. Gaur, 20:30ean, Anaitasuna pabilioian itzuliko partida jokatuko da eta irabaztera atera beharko dute berdeek.

Azkeneko bala
“Bala bat geratzen zaigu, bueltako partida etxean jokatzearena, eta erabiliko dugu” adierazi zuen Bartzelonako partida galdu eta gero Imanol Arregi entrenatzaileak. Imanolek bere jokalariek “lan bikaina” egin zutela nabarmendu zuen. Bartzelonako atezain Paco Sedanoren lana goraipatu zuen. “Sekulako piztia da, dena gelditu du”. Nolanahi ere, gaur Iruñean hobeto jokatu beharko dutela onartu zuen Irurtzungo entrenatzaileak. Halaber, Jesulito eta Yoshikawa bajan daudela asko nabaritzen dutela gaineratu zuen entrenatzaileak, “guretako ezinbestekoak direlako”.

Gaurko partida, ezinbestekoa
Play-Offetako itzulerako partida Iruñean jokatuko da, gaur, ostegunean, 21:00etan, Anaitasuna pabilioian. Sarrerak salgai daude Xotaren bulegoan, Irurtzunen, eta Anaitasunako txarteldegian (5 eta 10 euroren artean). Xotak kluba laguntzeko eguna izendatu du ostegunekoa, eta bazkideek ere sarrera ordaindu beharko dute, prezio merkeagoan (3 eta 5 euro artean). Teledeportek eskainiko du partida, zuzenean.

Xotak irabazten badu, berdinketa hausteko hirugarren partida Bartzelonan jokatuko litzateke, Palau Blaugranan, igandean, 20:30ean. Aldiz, Bartzelonak irabazten badu, zuzenean sailkatuko da Play-Offetako final handira. Espero dezagun Imanol Arregiren mutilek sorpresa ematea eta, kantxa faktorea alde, gaur irabazi, hirugarren partida jokatu ahal izateko. “Ea kontrako atean hobe gauden eta gehiago asmatzen dugun, taldea ongi jokatzen ari delako” adierazi du Imanol Arregik.

Imanol Arregi, ligako bigarren entrenatzaile onena
Areto Futboleko Entrenatzaileen Elkarteak (ANEFS) Tuterako Aspil-Vidal taldeko Jose Lucas Mena, “Pato” izendatu du lehen mailako areto futboleko entrenatzailerik onena eta Magna Gurpea Xotako Imanol Arregi bigarren entrenatzailerik onena. Arregik aurretik bitan jaso izan du entrenatzailerik onenaren saria.