Irurtzungo abesbatzak erronka berriak izanen ditu

Guaixe 2016ko eka. 4a, 11:49

Hamar urte bete dituen abesbatzak kontzertu ederra eskaini zuen larunbatean 500 entzuleren aurrean. Emanaldiarekin batera dokumental labur bat ikusteko aukera izan zuten Biaizpe frontoian elkartu zirenak. Hartan Fermin Idareta Goldarazena zuzendariak esaten zuen Irurtzungo abesbatzaren egitekoa aurrera segitzea dela, egindakoa finkatzea eta gauzak egiten segitzea. Horrela berretsi dio Guaixeri. Aurrera egiteko bi helburu jarri dizkio abesbatzak bere buruari: “20. urteurrenera iritsi nahi badugu gazteak abesbatzara erakarri behar ditugu”, azaldu digu Idaretak. Eta gaineratu du, “lanean segi behar dugu, errepertorio zailagoa ikasteko”.

10 urteko ibilbidean esanguratsua egin zaionaz galdetuta Idaretak hainbat kontu aipatu dizkigu. “Musikalki, jendeak hobetzeko duen ahalmena. Horrek errepertorio osatuagoa izatea ekarri du”. Abesbatzako kideek duten “konpromisoa eta ilusioa” ere aipatu dizkigu, “haiendako nahiko lukete beste abesbatza batzuek entseguetara dugun asistentzia”. Abesbatzako kideen artean dagoen harreman ona ere goraipatu du Idaretak: “abesbatzagatik izanen ez balitz, agian kalean elkar agurtu ere ez liratekeenak kontzertuen ondorengo afarietan elkarren ondoan giro onean ikustea... oso ongi moldatzen dira”.

45 kide
Irurtzun, Uharte Arakil, Irañeta, Hiriberri, Satrustegi, Egiarreta eta Iruñeko (2) abeslariek osatzen dute Irurtzungo abesbatza. Asteazkenetan entseatzen dute kultur etxeko areto nagusian. Larunbateko emanaldiaren ondoren irailera arteko atsedena hartu dute. Hala ere, abesbatzan sartu nahi duenak ateak zabalik ditu.

Erlazionatuak

Aurreskua, kantatua eta dantzatua

Erkuden Ruiz Barroso 2016 mai 31 Irurtzun