Magna Gurpeak Play-Offei agur

Guaixe 2016ko eka. 3a, 08:53

Play-Offetako finalerdietako itzuliko partidan 1 eta 3 irabazi zion Bartzelonak

Ametsa ez da bete. Magna Gurpea ez da lehen mailako ligako titulua erabakitzeko final handirako sailkatu. Play-Offetako finalerdietara sailkatzea lortu zuen talde berdeak, final laurdenetan El Pozo Murcia bidean utzi eta gero, baina finalerdietan ezin izan du Bartzelonaren kontra irabazi.

Finalerdietako joaneko partidan, Palau Blaugranan Bartzelonaren kontra galdu eta gero, atzo Iruñean jokatutako itzulerako partidan irabaztera behartuta zegoen Imanol Arregiren taldea. Baina ezinezkoa izan zen. Magna Gurpeak bikain jokatu zuen, baina, atzera ere, kontrako atean ezin asmatu ibili zen. Nabarmentzekoa da, berriz ere, Bartzelonako atezain Sedanoren lana. Atezain horrek ia guztia gelditzen du. Bartzelona ligako talde ahaltsuenetako bat da. “Tarte askotan beraiek baino hobe aritu gara. Baina ez dugu Bartzelonak duen puntako plantila eta hori nabaritzen da” adierazi zuen talde berdeko Rafa Usinek.

Magna Gurpearen denboraldi bikaina
Izan ere, berdeak hustu egin ziren. Bartzelona aurreratu zen, bi gol sartuta. Rafa Usinek Magnaren aldeko gola sartu zuen eta erremontadarekin amestu zuten zale berdeek. Baina ezinezkoa izan zen eta erori egin zen Magna-Gurpea. Hori bai, burua altxatuta. “Bikaina jartzen diot taldeari. Partidaren zati gehienean hoberenak izan gara. Baina Bartzelonako Sedano atezaina izan da onena. Ez duena gelditu zurtoinetara zioan. Orain, atseden hartu eta hurrengo denboraldia prestatzera” nabarmendu zuen Imanol Arregik.