Aizpeak udarako euskarazko tailer eskaintza egin du

Guaixe 2016ko eka. 21a, 13:04

Haur eta gaztetxoei zuzenduta daude eta hilaren 30era arte eman daiteke izena Martxueta liburu-dendan.

Aizpeak, Irurtzungo euskaltzaleen topaguneak udarako euskarazko tailer eskaintza prestatu du. Alde batetik, udako tailerra dago, agorrilaren 1etik 12ra izanen ena, 11:00etatik 13:00etara. Lau eta hamar urte bitarteko haurrei zuzendutako eskaintza da. Hartan interesa duten gurasoek seme-alaben izena ematearekin batera, 20 euro ordaindu beharko dituzte.

Euskaltzale irurtzundarrak biltzen dituen taldearen udarako bigarren eskaintza ITB tailerra, mundura zabaldu izenburua du. Munduko kulturak oinarri dituen Irurtzun Telebistaren saio bat nola egiten den ikasiko dute izena ematen duten 7 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek. Tailer horrek bi txanda izanen ditu. Aurrena, agorrilaren 22tik 30era, 11:00etatik 13:00etara eta, bigarrena, irailaren 1etik 9ra. Izen ematearekin batera 20 euro ordaindu behar dira. Aizpeatik jakinarazi dutenez taldeak sortu ahal izateko gutxienez 7 neska-mutilek eman beharko dute izen. Gehienezko kopurua 14 dira.