Hartzekodunen konkurtsoa Arianen

Guaixe 2016ko uzt. 15a, 08:41

Arianek Irurtzunen duen lantokia.

Enpresak Irurtzunen duen lantokian dozena bat langile ari dira, autobideen mantenu lanetan.

Obra publikoa egiten duen Arian eraikuntza enpresak hartzekodunen konkurtsoan dago hilaren 5etik. Enpresa maiatzaren 16an aurre-konkurtsoan sartu zen. Ariango arduradunen asmoa zen hiru hileko epean hartzekodunak diren bankuekin duen zorra birfinantzatzea. Guztira 19,7 milioi euroko zorra du bankuekin (BBVA da hartzekodun nagusia). Enpresak aurre-konkurtso epea despeditu aurretik jo du merkataritza-arloko epaitegira. Bitartean, langileak aldi baterako 85 eguneko enplegu erregulazio espedientea dute, irailaren 30era arte luzatuko dena.

Enpresak 96 langile ditu hiru lantokitan banatuta. Aizoain (zentrala), Ezperun (asfaltoak) eta Irurtzun (errepide mantenua). Azken horretan dozena bat langile daude eta ELAko ordezkaria dute. Arianek Nafarroako Gobernuaren kontrata bat eskuratu zuen eta, ondorioz, Irurtzungo langileak autobien mantenu lanean aritzen dira. Haiek oporrak hartzeko espediente-pean dauden langileak hartu ditu enpresak, horrela ez du inor kontratatu behar izan.

ELAkoen ustez horrek enpresako gainontzeko langileak baina egoera “hobean” kokatzen ditu Irurtzungoak. Sindikatutik azaldu digutenez, “Irurtzungo lantokia ez da desagertuko. Arianek Nafarroako Gobernuaren kontratua du. Bera ez bada beste enpresa batek egin beharko du lan hori. Hala balitz langileen subrogazioa eskatuko genuke. Buzoz aldatzea litzateke”.

Enpresaren bilakaeraz
Eraikuntza arloan 30 urteko eskarmentua du Arianek, batez ere obra publikoan. 2010 urtean 365 langile zituen eta zenbait espedienteren ondoren 96 besterik ez daude. ELAtik azaldu digutenez, enpresak “egiturazko plantilla, administrazio alorrekoa mantendu du. Langile gehienek bulegoan lan egiten dute. Obra lortuz gero enpresak subkontratatzen dituzte. Sektoreko enpresa guztietan gauza bera gertatzen da”.

Epaitegiak konkurtsoko administratzailea izendatzeko zain daude. Hark enpresaren bideragarritasuna aztertu beharko du, zorra hornitzaileekin eta bankuekin negoziatu eta enpresa errentagarria den edo ez ebatzi beharko du. ELAk Irurtzungo eta Ezperungo lantokietako ordezkaritza du eta agorrilaren 8an Iruñekoan hauteskundeak eginen dira bost delegatu aukeratzeko. Bitartean Irurtzungo ELAko delegatua eta bi langile dira plantillaren ordezkariak.