Rafa Usinek Magna Gurpea Xotan jarraituko du

Guaixe 2016ko uzt. 27a, 09:36

Bartzelonarekin zuen harremana eten egin du eta denboraldi baterako sinatu du talde berdearekin

Rafa Usinek talde berdeko jokalari izaten jarraituko du. Madrilgo jokalariak Bartzelonarekin zuen konpromisoa eten egin du eta Magna Gurpea Xotarekin akordioa lortu du, 2016/2017 denboraldian talde irurtzundarrarekin jarraitzeko. Aurreko denboraldian Bartzelonak utzita aritu zen Usin Magna Gurpean, baina aurten Bartzelonan jarraitzea tokatzen zitzaion. Baina, aipatu dugunez, hegal-pivot madrildarrak Bartzelona utzi eta Xotara itzuli da. Usin pozik azaldu da talde berdean jarraituko duelako.

Usinen bueltarekin Imanol Agirrek zuzentzen duen taldean ez dira aldaketa gehiago aurreikusten. Eric Martel “Nakata” fitxatu du Magna Gurpeak, Carlitosen baja ordezkatzeko. Bestela, aurreko denboraldiko talde berak jarraituko du.

Dani Saldise, 2015-2016 denboraldiko jokalari errebelazioa
Areto Futboleko Ligak Magna Gurpea Xota taldeko Dani Saldise proposatu zuen 2015-2016 denboraldiko jokalari errebelazio sarirako, beste jokalari batzuekin batera. Nominazioa afizionatuen eta komunikabideen proposamenak aintzat hartuta egin zen. Ondoren, lehen mailako entrenatzaileak bildu eta Dani Saldise irurtzundarraren aldeko hautua egin zuten. Bera izendatu dute, bada, aurreko denboraldiko jokalari errebelazioa. Gainontzeko sariei dagokienez, Paco Sedanok jaso du atezain onaren saria, Antonio Vadillok atzelari onenarena, Bruno Taffyk pivot eta mvp onenarena eta Jesus Velascok entrenatzaile onenarena.