Magna Gurpea Xotak ezin izan zuen Peñiscola irabazi

Guaixe 2016ko ira. 14a, 11:44

Lagunarteko lehen partidan 4 eta 2 galdu zuen talde berdeak

Denboraldi aurreko lagunarteko partidan, Magna Gurpea Xotak lagunarteko partida jokatu zuen Peñiscolaren kontra. Talde berdeak Eseverri, Yoshikawa eta Alvaritoren baja zuen, eta horretaz aparte Roberto Martil eta Dani Saldise lesionatuta daudenez, maldan gora jarri zitzaion Peñiscolaren kontrako partida. Talde irurtzundarra aurreratu zen, baina Peñiscolak erremontatzea eta partida irabaztea lortu zuen, 4 eta 2.

Urriaren 12an hasiko da areto futboleko lehen mailako liga, Mundiala jokatzen ari delako.

Hitzarmen berriak
Magna Gurpea Xotak hitzarmenak sinatu ditu Nafarroako Klinika Unibertsitarioarekin eta Acunsa aseguratzailearekin. Akordio horien bitartez, bi entitateak Xotako babesleak izango dira eta talde berdeko jokalariek, teknikariek eta juntako kideek mediku-azterketak, mediku asistentzia eta mediku-aseguruak lotu dituzte 2016-2017 denboraldirako. Bi aldeak pozik azaldu ziren lortutako hitzarmenarekin.

Abonatzeko kanpaina martxan
“Abonatu. Behar zaitugu!” du leloa Magna Gurpea Xotaren aurtengo abonu kanpainak. Tatono Arregik zuzentzen duen taldetik adierazi dutenez, atzera ere aurreko denboraldiko prezioak izoztu dituzte. Familia abonuak 80 euro balio ditu, helduen abonuak 50 euro eta gazteendako eta langabezian daudenendako abonuak 25 euro.

Iruñean (Ermitagaña kalea, 11) eros daitezke 2016-2017 denboraldiko abonuak, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Baita Irurtzunen ere (Lizarra kalea, 5), 12:00etatik 14:00etara. Aurreko denboraldian batez beste partida bakoitzeko 2.230 ikusle bildu ziren Anaitasuna pabilioian Xota jarraitzera eta zenbaki horiei eutsi nahi diete talde berdeko agintariek.

Nafarroako Kopa jokoan
Nafarroako Areto Futboleko Kopa jokoan dago. Lehen finalerdia asteartean jokatu zuten Xota B eta Aspil Vidal Ribera de Navarra taldeak Irurtzunen. Lehen mailako Tuterako taldeak 0 eta 8 irabazi zion Xota B taldeari eta irailaren 28an Lizarran jokatuko den final handirako sailkatu zen. Beste finalista nor izango den gaur erabakiko da, asteazkenean, bigarren finalerdia jokatuko baitute Agrupación Deportiva San Juanek eta Magna Gurpea Xotak, 20:00etan, San Juanen.