Txantreakoak garaile elkarteen arteko botxa jardunaldian

Guaixe 2016ko urr. 5a, 12:47

Irurtzungo ordezkariak, Xabier Agustino eta Iñaki Juango, bigarrenak izan ziren

Asteburuan Irurtzungo Iratxo elkarteko botxategiak elkarteen arteko botxa jardunaldia hartu zuen. Berriozar, Txantrea, Antsoain eta Irurtzungo ordezkariak lehiatu ziren, besteak beste. Primerako giroan eta eguraldia lagun, igande goizean hasierako partidak jokatu ziren eta bapo bazkaldu ondoren, jardunaldiak aurrera jarraitu zuen. Iratxo elkartetik adierazi dutenez, aurreko urtetan baino ikusle gehiago gerturatu ziren botxategira txapelketa jarraitzera.

Azkenean, Txantrea 2 taldeko David eta Valentin Herrera izan ziren txapeldunak, Irurtzun taldeko Xabier Agustino eta Iñaki Juangoren aurretik. Hirugarrenak Ruflex eta Javi izan ziren eta laugarrenak Txeli eta Tere. Sari ematearen ondoren, auzate ederraz gozatu zuten Iratxon bildutako guztiek.