Gaztetxokoa zabalik

Guaixe 2016ko urr. 14a, 12:21

Joan den ikasturtean 60 bat bazkide izan zituen, irurtzundarrak eta ingurukoak. Neska-mutilek  asko estimatzen eta baloratzen duten zerbitzua da.

Pasa den ostiralean zabaldu zituen, atzera ere, ateak Irurtzungo Gaztetxokoak. Udazkenean ateak irekitzearekin batera Irurtzungo eta inguruko herrietako gazteei gonbidapena luzatu diete lokala ezagutu eta bazkide egiteko. Udaberri bukaera bitartean gazteek aisiaz disfrutatzeko aukera izanen dutela ziurtatu dute.

Dagoeneko 6 urte dira Irurtzungo Udalak Gaztetxokoa martxan jarri zuela. 12 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendutako zerbitzua eta lokala da. Han aisialdia eta denbora libreaz gozatzeko aukera dute. Alde batetik, joko librean aritzea dute. Izan ere, egoitzan daudela gaztetxoek erabakitzen dute arratsaldea zertan eman: mahai jokoak, ping-ponga, ordenagailua, futbolina… Bestetik, hezitzaileek gazteen interesak kontuan hartuta haien gogoko ekimenak antolatzen dituzte: lehiaketak, zineforuma, eskulan tailerrak, ikastaroak…

Udal zerbitzuaren kudeaketan Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak laguntzen du. Gaztetxokoaren helburuak,aisialdi osasuntsua sustatzeaz aparte, nerabezaroan eman daitezkeen arrisku desberdinen prebentzioa eta detekzioa dira. Hori dela eta, garrantzitsua jotzen dute zerbitzua gaztetxoen eskura egotea, haien beharretara egokitutako eremu babestua delako. Gurasoek informazioa eskuratu eta zalantzak argitzeko Gizarte Zerbitzutara jo dezakete.  

Ordutegia
Ostiraletan 17:00etatik 22:00etara. Larunbatetan 16:00etatik 22:30era eta, azkenik, igandeetan, 16:00etatik 21:00etara.