Antzerki zikloak oihala jasoko du

Guaixe 2016ko urr. 14a, 08:39

Gaur, 22:00etan, Irurtzungo kultur etxean.

Irurtzungo antzerki zikloak hiru ikuskizun iragarri ditu aurtengorako. Dantza-antzerkia, drama eta keinu antzerkia izanen dira aukeran. Eta haietako bat euskaraz. Zikloa Ados teatroak zabalduko du gaur El chico de las zapatillas rojas antzezlanarekin. Dantza eta antzerkia uztartzen dituen antzezlan horrek Luisen istorioa kontatzen du. Eta haren bidez aniztasun afektibo-sexualarekiko errespetua eta tolerantzia zabaldu nahi du.

Obrako protagonistari, Luisi, mutilei egitea gustatzen zaizkien gauzak egitea ez zaio gustatzen. Berak nahigo du loreak hartzea, margotzea, sokasaltoan egitea, sabaiko arropa zaharrekin mozorroak egitea eta rock and rollaren izar bat izanen balitz bezala abestea. Urteak pasa ahala, nerabe atsegin eta ameslari batean bihurtuko da, ondoren maitasuna aurkituko duen heldu bat izanen da eta zahartzaroa helduko zaio. Denbora horretan guztian, irri egin, sufritu, maitatu, amestu… izanen du.

Protagonistaren adin guztiak erakutsiko dizkigu antzezlanak: haurra zen bitartean bizitako abenturak, nerabezaroa, helduaroa, zahartzaroa … guztiak pertsonaiaren hazteari buruz hitz egiten dute, nola aurkezten dizkion munduari bere gustuak, bazterketei aurre eginez, berari buruz eta besteei buruz ikasiz. Luis askotan arraro sentituko da, txakur berde edo munstro arrosa baten moduan, bere tokia ezin aurkituz. Bere bidea ez da beti erraza, atsegina izanen, baina ez du etsiko eta bere buruarekiko, ametsarekiko eta munduan bere tokia aurkitzeko bideari fidela izanen da.

Fitxa
Testua eta zuzendaritza: Garbi Losada
Antzezleak: Ion Barbarin, Txori García Uriz, Montse Zabalza
Jatorrizko musika: Javier Asin
Koreografia: Marta Bermudez.


Zikloko egitaraua
Lastailak 14, ostirala
22:00etan El chico de las zapatillas rojas. Ados teatroa.

Lastailak 23, igandea
20:00etan Zergatik Jamil? Tartean teatroa.

Lastailak 30, igandea
20:00etan Olim plaff. Yllana.